Torturari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Portalek eta Sarek

Julene Frantzesena 2023ko ots. 10a, 09:19

Bi dokumental emanaldi eta mahai inguru bat izango dira Tortura Euskal Herrian jardunaldien barruan. Astelehenean izango da lehen saioa: Bi arnas ikus-entzunezkoa emango dute Alonderon, 19:00etan.

Tortura Euskal Herrian izenburupean, datozen asteetarako jardunaldiak antolatu dituzte Portale kultur elkarteak eta Zestoako Sarek. Dokumental emanaldiak, mahai ingurua eta solasaldiak izango dira, eta astelehenean egingo dute lehen saioa.

Astelehenean Bi arnas dokumentala ikusi ahal izango da 19:00etan hasita, Alondero aretoan, eta ikus-entzunezkoaren emanaldia bukatzean haren egilearekin solasaldia egingo dute. Sarrera hiru euro ordaindu beharko da, eta aurrez Portalen eskuratu ahal izango dira.

Bigarren hitzordua, berriz, martxoaren 15erako prestatu dute. Hain zuzen ere, Tortura Euskal Herrian gai hartuta, mahai ingurua egingo dute Olatz Dañobeitiak, Maritxu Jimenezek eta Julen Arzuagak. Portale kulturgunean izango da saioa, 19:00etan hasita.

Hirugarren eta azken hitzorduan Karpeta urdinak ikus-entzunezkoa eskainiko dute, eta ondoren, haren egileekin solasean aritzeko aukera izango dute herritarrek. Saio hori apirilaren 4an, asteartea, izango da, 19:00etan, Alondero aretoan. Sarrera aurrez erosi ahal izango da Portalen, hiru eurotan.