Zirimiria balitz bezala

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 23a, 10:26
Amelia Barquinek otsailaren 14an eman zuen formakuntza saioa Alonderon. (Mailo Oiarzabal)

Euskara eta kulturartekotasuna batera eta elkarren mesedetan bultzatzea erabaki dute Zestoan. Horretarako, besteak beste, atzerritarren bueltan sortzen diren zurrumurruak-eta borrokatu nahi dituzte.

"Euskararen erabilera sustatzea, kulturartekotasuna bultzatuta eta tresna gisa erabilita. Kulturartekotasuna eta euskara biak batera garatzea, bata bestearen kaltean izan gabe". Horrela laburbildu du Nora Palmitano Zestoako Udalaren Euskara teknikariak herrian abian duten egitasmoaren funtsa. Erabileran jaitsiera antzemanda, eta udalak sustatuta, Euskara Foroa eratu zuten Zestoan 2021ean; hizkuntzaren normalizazioan eta kale erabileran eragiteko, euskararen erabilera areagotzeko herri plangintza bat egiteko sortu zuten foroa, udalaren, herriko eskolaren eta beste zenbait eragileren eta herritarren parte hartzearekin.

Besteak beste, azken urteetan herrira atzerritik etorritako erdaldunen kopuruak hizkuntza ohituretan duen edota izan dezakeen eraginaz hausnartzen hasi ziren foroan, eta hortik sortu zen kulturartekotasuna eta euskara batera jorratzeko eta bultzatzeko proiektua. Zaldibiako (Gipuzkoa) eskolako guraso elkartearen proiektu aitzindariaren berri bazuten, baina Amelia Barquinek 2021eko irailean euskaraz, immigrazioaz eta eskolaz eman zuen hitzaldiarekin "atzera bueltarik ez daukan klik bat" egin zuten Euskara Foroan, Palmitanoren hitzetan. Orduan erabaki zuten Zestoan ere martxan jartzea kulturartekotasuna eta euskara sustatzeko proiektua. Aurrekoan jorratu eta osatu ondoren, ikasturte honen hasieratik ari dira aplikatzen Zestoa Herri Ikastetxean, baina ikastetxetik kanpora ere ari dira lanean. Palmitanok azaldu du "hiru zutabe" dituela proiektuak: eskola barruan egiten den lana, guraso elkartearena, eta, herrira eramanda, udalarena eta Euskara Foroarena. "Izan ere, egiten den lana ezin da eskolan bakarrik gelditu. Eskolan sortzen den giroa gero kalean ez bada islatzen, faltsua izango da".

Uste ustelen kontra

"Orain arte, euskara bultzatzeko proiektu gehienak kulturartekotasuna eta mundu erdalduna kontuan hartu gabe egin izan dira, baita guk orain arte egin ditugun gauza gehienak edo denak ere. Bestetik, kulturartekotasuna lantzen denetan ahaztu egiten dira euskara eta euskal kultura. Horixe da erronka", dio Palmitanok.

Ildo horretatik, besteak beste, Zestoara iristen diren erdaldunei euskararen erabileraren garrantzia azaltzea ezinbestekoa da, eta hori lantzen hasiak dira. "Ikusi izan dugu kanpotik etorri den jendeari azaltzen zaionean zer garrantzi daukan euskarak, zer garrantzi daukan Zestoak euskarak bizirauteko, zenbat maite dugun euskara eta hori guztia, jarrera aldatu egiten dela. Ja ez da inposaketa bat edo zure kontrako zeozer, ez da bazterkeria, nire hizkuntza zaintzen ari naizela da. Era horretan, mezua erabat ulergarria da", Euskara teknikariaren ustez. Iaz Korrika herritik igaro behar zela-eta lehen aldiz prestatu zuten eskuorriaren adibidea azaldu du: "Foroaren bilera batean sortu zen kezka: tamalgarria litzateke biharamunean jendeak galdetzea zer zen atzo gaueko hura. Orduan, eskuorri txiki bat sortu genuen, Korrika zer den eta zergatik egiten den azalduz, sinple-sinple, eta herriko eskolan dauden hizkuntza guztietara itzuli genuen eskuorria".

Herrira iristen direnak euskarara hurbiltzearekin bat, bertakoak haiengana hurbiltzea dago egitasmoaren oinarrietan; eta horretarako, kanpotarrekiko erraz hedatzen diren estereotipoen eta uste ustelen kontra zeregina badagoela ulertu dute Euskara Foroan. Palmitanok dioen bezala, "estereotipoei eta zurrumurruei aurre egin gabe, diskriminazioari, xenofobiari eta arrazakeriari aurre egin gabe, faltsua eta azalekoa izango litzateke kulturartekotasuna lantzen saiatzea". Esan eta egin, Zurrumurruen Aurkako Sarearekin (ZAS!) elkarlanean, Zurrumurruen Aurkako Formakuntza saioak egin berri dituzte Zestoan. Ekintza hori ez da, berez, kulturartekotasuna eta euskara bultzatzeko proiektuan sartzen, baina horren osagarria da.

Xabier Aierdi Begirune fundazioaren zuzendariak, Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Asier Gallastegi Korapilatzen aholkularitza, prestakuntza eta trebakuntza elkartearen zuzendariak saio bana eman dute azken hiru asteotan Alonderon; herenegun izan zen azkena, Gallastegirena. 50 bat herritarrek hartu dute parte saio horietan, eta antolatzaileen balorazioa "oso ona" da, bai formakuntza saio bakoitzaren edukiari dagokionez, bai parte hartzaileen inplikazioari dagokionez.

Zurrumurru faltsuek eta estereotipoek gizartea erraz blaitzen badute, zirimiriaren kontzeptua erabiltzen du Aierdik, Palmitanok gogora ekarri duenez, migrazioaren eta atzerritarren gaineko zurrumurruen eta estereotipoen kontrako lana pausoz pauso, pixkanaka baina etengabe egin behar dela nabarmentzeko.

Horretan ari dira Zestoan, euskararen mesedetan ez ezik, elkarbizitzaren mesedetan ere izango delakoan.