LPS berria onartu aurretik zentral eolikoen eraikuntzarako tramitaziorik ez du onartuko Zestoako Udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 3a, 16:40
Udal ordezkariak mahaiaren bueltan eta SaƱu Bizirik taldeko kideak barrenean, Zestoako atzoko udalbatzarrean. (Mailo Oiarzabal)

Piaspe proiektua hizpide izan zuten atzo iluntzean Zestoako udalbatzarrean. Sañu Bizirik taldeak aurkeztutako mozioa atzera bota zuten, EH Bilduren abstentzioarekin eta EAJren kontrako botoekin. EH Bilduk gai beraren gainean aurkeztutako mozioa onartu zuten, Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin. Statkraft enpresarekin lehen aldiz elkartu ziren udal ordezkariak joan den astean, eta bilera horrek "kezka eta egonezina areagotu" dizkiela adierazi zuen atzo Mikel Arregi alkateak.

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udaletan mozioa aurkeztu zuela iragarri zuen otsail hasieran, hiru udalerrietan kokatuko litzatekeen Piaspe proiektu eolikoaren aurka sortutako Sañu Bizirik taldeak, "udalei beren lurretan eraiki asmo diren zentral eolikoen proiektuen aurka posizionatzeko eskatuz". Zestoan atzo landu zuten gaia; ez ohiko udalbatzarraren puntu bakarra izan zen.

Batetik, Sañu Biziriken mozioa bozkatu zuten, eta atzera bota zuten hori; Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren ordezkariak abstenitu egin ziren, eta aurkako botoa eman zuten EAJen oposiziokideek. Mozioan, zazpi eskaera egiten zizkion Sañu Bizirikek Zestoako Udalari; tartean, Piaspe proiektua ez dela bidezkoa onartzea. Sañukoen eskaeren artean zeuden baita Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial (LPS) berria "onartu aurretik aurkeztutako zentral eolikoen tramitazioak gelditzea", eta EAEn energia kontsumoaren eta hura murriztearen inguruko "plan oso eta definitu bat diseinatzea", eta LPS berria plan horretan oinarrituta egitea.

Hain zuzen ere, azken puntu horien oso antzekoak jasotzen dituen kontramozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, eta hura da atzoko udalbatzarrean onartu zutena, Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin eta EAJren kontrako hiru botorekin. "Herritarrekin adostutako trantsizio energetiko baten alde" egiten du EH Bilduk bere mozioan, eta estrategia eta plangintza adostu eta finkatu beharraz ari da. Horregatik, Energia Berriztagarrien LPSa "lehenbailehen onartu dezala" eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari Zestoako Udalak atzo onartutako mozioak. Plan sektoriala onartu aurretik "tamaina handiko energia azpiegituren eraikuntzarik ez dela hasiko berma dezala" ere eskatzen dio Jaurlaritzari, Zestoako Udalak "energia berriztagarrien planifikazioa gauzatu" eta LPS berria onartu aurretik zentral eolikoen eraikuntzarako tramitaziorik ez duela onartuko gaineratuta. Lotura honetan irakur daiteke osorik Zestoako Udalak atzo onartutako mozioa.

"Kezka eta egonezina"

Ordu eta erdiz aritu ziren atzoko udalbatzarrean Piaspez, zentral eolikoez eta horien inpaktuaz, eta energia trantsiziorako ereduez hizketan. Sañu Bizirikeko hainbat kide joan ziren batzarrera, eta horietako batzuek hitza hartu zuten, Piasperen gisako proiektuen "zentzugabekeria" azpimarratzeko, beren mozioa aurkezteaz eta irakurtzeaz gain.

Sarreran, Mikel Arregi alkatea izan zen hitza hartu zuena. Sañoa mendiaren eremuan Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan bost haize errota handi ezartzea aurreikusten duen Statkraft enpresaren Piaspe proiektua dela eta, azaroaren 4an udalak deituta egin zuten batzarrean esandako hainbat kontu ekarri zituen gogora Arregik atzo. Norvegiako energia enpresaren proiektuarekiko "zalantzak eta desadostasunak" plazaratu zituen batzar hartan Zestoako Udal Gobernuak. Atzo, berriz, Statkraft enpresaren lehen aldiz bilera egin dutela kontatu zuen Arregik. Joan den astean batzartu ziren udal ordezkariak enpresakoekin, eta bilera horrek "kezka eta egonezina areagotu" egin dizkiela azaldu zuen alkateak; Statkraftek urrian Azpeitian eman zituen azalpen berberak eman dizkie orain Zestoako udal ordezkariei, Arregiren esanetan, eta "informazio falta" hasierako bera delako kezkatuta daude Udal Gobernuan. Horregatik, Sañu Biziriken mozioaren "zati bat geure" egitea erabaki dute.

Enpresarekin batzar ireki eske

Garikoitz Mendizabalek, bere aldetik, esan zuen Piasperen "proiektu basikoa" oraindik ez dagoela osatuta, eta "horrek eta beste hainbat puntuk" baldintzatuko dutela EAJren "behin betiko posizioa". Azpimarratu zuen, hori bai, "eolikoen alde" daudela, eta erregai fosilak energia berriztagarriekin trukatu nahi badira kalteak ere onartu egin beharko direla nabarmendu zuen, Sañu Biziriken mozioari beren ezezkoa argudiatzerakoan. Ildo horretan, behin baino gehiagotan aipatu zuen Europako Batzordeak "energia nuklearra energia berde kontsideratu" duela. "Batzuk alde egongo dira eta besteak aurka. Hemen bi hildako ere eragin zituen energia nuklearraren aurkako mugimenduak", esan zuen, Lemoizko zentralarekin gertatutakoari erreferentzia eginez.

Udal Gobernuari zuzenduta, berriz, eskaera nagusi bat jarri zuen mahai gainean EAJren bozeramaileak: Statkraft enpresaren ordezkariak Zestoara gonbidatzea eta, Azpeitian egindakoaren antzera, informazioa emateko batzar ireki bat egitea.