Ezustean hartu ditu langileak eta sindikatuak GRI Castingsen erabakiak

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 8a, 14:08
GRI Castings enpresaren Zestoako lantegia. (ELA sindikatua)

Zestoako lantegia itxi eta hango 61 beharginak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztuko duela iragarri zuen atzo enpresak. Bihar bilera egingo dute zuzendaritzak, langile batzordeak eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek. GRI Castingsek iaz aurkeztu zuen aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea epaitegietan atzera bota zutela gogoratu dute sindikatuek.

"Balorazio osoagoa egiteko oraindik informazio gutxi" duten arren, Zestoako GRI Castings enpresak atzo bertan langileei zein hedabideei jakinarazitako erabakirik ez zuten espero ez langileek, ez lantegiko enpresa batzordean ordezkatuta dauden ELA eta LAB sindikatuek ere. Ezustean harrapatu ditu lantegiaren itxieraren eta hango 61 beharginak kaleratzeko erregulazio espedientearen iragarpenak. Enpresak "lan karga handirik ez" zuela jakitun ziren, baina horrelakorik ez zuten espero

Sindikatuek jakinarazi dutenez, atzo eguerdian aurkeztu zien GRI Castingseko zuzendaritzak enpresa batzordeko kideei kaleratze txostena; astelehenean deitu zituzten langileen ordezkariak atzoko batzarrera, "ekoizpen kontuetaz" hitz egiteko. Bihar, berriz, 11:00etan batzartuko dira zuzendaritza, enpresa batzordeko kideak eta bi sindikatuetakoak. Bilera horretan erregulazio espedientearen dokumentazio osoa jasotzea eta negoziaziorako egutegia finkatzea espero dute sindikatuek, enpresaren arrazoien xehetasunekin batera; datorren asteartean, berriz, mahai negoziatzailea osatuko dela aurreratu du ELAk.

ABEEa atzera botata

Gestamp enpresa taldearen barruan egonda, talde horrek GRI Castingsera lan karga gehiago bideratu ez izana "harritzekoa" dela ere adierazi dute ELAkoek.

Era berean, ELAk zein LABek gogora ekarri dute Arroabeko Sansinenea industrialdean dagoen lantegiak aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea (ABEE) aurkeztu zuela iaz, baina epaitegietan atzera bota ziotela eskaera. "Negoziazio nahiko trakets" baten ondoren, LABen esanetan, langileekin akordiorik erdietsi gabe aurkeztu zuen enpresak ABEEa, eta sindikatuek helegitea aurkeztu ondoren, irailean atzera bota zuten eskaera epaitegietan.

Biharko bileraren atarian, GRI Castingseko "lanpostuen defentsan" lan egingo duela adierazi du LABek. ELAk ere ildo beretik hitz egin du, arratsaldean plazaratu duen oharrean. "Enpresaren erabakia iraultzeko, enplegua eta Zestoako lantokiaren industria proiektua defendatzeko borroka" egingo du ELAk, eta erakundeen "laguntza" eskatu du; GRI Castingsen moduko egoeretan "industria politika proban jartzen" dela ulertzen du sindikatu horrek, eta "propaganda gutxiago eta neurri eraginkor gehiago behar" direla uste du.