Zestoako zaintza ekosistema proiektua aurkeztu dute herritarren aurrean

Andoni Elduaien 2023ko mar. 10a, 10:03
Kultur Etxeko aretoa goraino bete zuten zestoarrek. (Andoni Elduaien)

Herriko zenbait eragile batuta, Zestoako zaintza ekosistemaren bidea nola egiten ari diren azaldu zuten atzo, osteguna, Zestoako Kultur Etxeko aretoan. Duela lau urte ekin zioten zaintzarako herri eredua lantzeko bideari, eta ordutik hona egin dituzten urratsak zein diren eta egun proiektua zer puntutan dagoen azaldu zuten.

Zestoan zaintzaren inguruan egiten ari diren lanketa aurkeztu zuten atzo, osteguna, Zestoako Kultur Etxeko aretoan. Mikel Arregi Zestoako alkateak, San Juan fundazioko Joseba Illarramendi zuzendariak eta Saioa Lasa psikologoak, Jesus Odriozola Zestoako jubilatuen elkarteko kideak, 3Z elkarteko (Zestoan Zahartzaroa Zainduz) Santi Ugartek eta EHUko Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko hiru ordezkarik parte hartu zuten saioan.

Duela lau urte heldu zioten Zestoan zaintza ekosistema osatzeko proiektuari. Udalak sustatuta ari dira gauzatzen lanketa, eta abiapuntu bezala bi datu eman zituen alkateak. Arregirentzat "datu esanguratsua" da 1970ean Zestoako biztanleen batez besteko adina 28 urtekoa izatea, eta 53 urte beranduago batez besteko hori 49 urtera igo izana. Gizartearen "zahartzeari erantzun bat" eman behar zaiola azaldu zuen hark. "Asistentziaren ikuspegitik begiratuta, gaur egungo eta duela 50 urteko gizartearen ezaugarriak ez dira berdinak. Beste zenbait gauzetan bezala, kontu honi ere aurre egin beharra dago".

Alkateak "tokiko estrategiari" garrantzia eman nahi izan zion. "Adinaren zaurgarritasunak eragindako beharren inguruan enpresa asko ari dira sortzen, handiak eta kanpokoak; zerbitzuak asko pribatizatu dira. Zestoan sekulako zortea dugu; hemen gai gara adinak sortutako beharrei eta zerbitzuei behar bezala bertatik aurre egiteko. Hori horrela, bat egin dugu, garrantzitsua iruditzen baitzaigu gure erabakiguneak herrian bertan izatea". Proiektua "herritarren ongizaterareko ezinbestekoa" izango dela nabarmendu zuen Arregik.

Lau urteko bidea

2019. urtera egin behar da atzera zaintza sistema proiektu horren hastapenetara jotzeko. San Juan fundazioan barne ariketa bat egin ostean, 3Z elkartea eta biak lanak uztartzeko elkartu ziren. Fundazioak barne ariketa hartatik ondorioztatutako San Juan etxea izeneko dokumentua sortu zuen. Lasa psikologiak adiertazi zuen "udalak interesa" erakutsi zuela dokumentu horretan, eta "egokia" ikusi zuela eragile desberdinen artean zaintzaz hausnartzeko mahaia sortzea. Horren ondorio, 2020. urtearen amaieran Adinduen Mahaia sortu zuten udalak, 3Z elkarteak, jubilatuen elkarteak, Osakidetzak eta Gisasola nahiz San Juan egoitzek.

Adinduen Mahai hartan erabakita, ikerketa demografiko bat egin zuten 2020an, adinean Zestoak zer bilakaera izango duen ikusteko. Ikusi zuten 65 urtetik gorako mila lagun zeudela herrian, baina 2035ean adin horretako biztanleen kopurua 1.300 lagunekoa izango dela. Zaurgarritasun arriskua detektatzeko azterketa demografikoa ere egin zuten; %54,5ekoa da herriko zaurgarritasun tasa. Ondorioztatu zuten 65 urtetik gorako 164 pertsona bizi zirela bakarrik. Familia unitatea osatzen duten 65 urtetik gorakoak, berriz, 241 pertsona ziren orduan. 2035ean, aldiz, 250 lagun izatea aurreikusten dela; gainera, horietatik 67 lagun 80 urtetik gorakoak izango dira. 

Datuak eskuetan, Izarraitz proiektua lantzen hasi ziren. Aldundiak 112.000 euroko dirulaguntza onartu zuen horretarako. "Zaurgarritasunak eta bakardadeak eragindako informazio sistema batzuk lantzea lortu dugu. Udalak ematen dituen laguntza guztien arabera, ahalmena dugu sistema informatikoaren bidez Zestoan arrisku egoeran zenbat pertsona dauden eta horiek zehazki non bizi diren jakiteko. Helburua da sistema komunitario orokor bat sortzea, zaintza beharrean daudenak zaintzeko", azaldu zuen alkateak. Une honetan, Zestoan zainduak izateko moduan dauden pertsonak identifikatzen ari dira, eta horiek zaindu ahal izateko zer sistema komunitario eraiki behar den zehazten.

3Z elkarteko Ugarte, eta EHUko Legarreta, Uria eta Barañano. (Andoni Elduaien)

EHUren ikerketa herritarrekin

EHUko Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko Matxalen Legarreta irakasleak eta Maider Barañano eta Alaitz Uria ikerlariek gauzatu dute ikerketa Zestoan. Horretarako, sei elkarrizketa eta bi talde eztabaida egin zituzten iaz. Zaintzaren antolaketarako Zestoan dauden baliabideak identifikatu zituzten lehenik, eta erronkak zehaztu ondoren. Erronken artean zurruntasuna, baliabide falta eta familiaren nahiz etxearen mugak nabarmendu dituzte zestoarrek. Hain justu, adinekoek beraien seme-alabei gurasoen zaintzaren kargarik ez dietela eman nahi jaso dute EHUkoek.

Bestalde, elkarrizketatuk adierazi dute zaintza "eguneroko ekintza txikietatik" hasten dela, eta zaintza zerbitzuek "publikoa, unibertsala, gertukoa, lan baldintza duinak dituena eta euskalduna" izan behar dutela. Horren aurrean, "pertsona ardatz izango duen arreta eredua" hobetsi dute. Era berean, zaintza ekosistema bat definitzeko "zailtasunak" nabaritu dituzte, eta hortik abiatuta "posizio partekatu" bat aurkitu behar dela azaldu zuten ikerlaiek, "komunitatea elementu komun gisa" hartuko duen posizioa. Hain justu, zaintzaren bueltako lanak, rolak eta helburuak banatu behar direla adierazi zuten EHUko ikerlariek.

3Z elkarteko Ugartek hartu zuen hitza ondoren, eta elkarteak orain arte egindako lanen nondik norakoak azaldu zituen hark hasieran. Dena den, San Juan fundazioarekin egindako harremanean zentratu zen hura, "alderdi profesionala sarera batuta" hartu baitzuen kontuak "zentzua". Zenbait herritako ereduak ere aztertu zituzten, eta Malen Etxearekin zein Gipuzkoako Senideak kolaboratzen hasi ziren. San Juan fundazioarekin zaintza ekosistemaren eredua marrazten hasi ziren gerora, alderdi bakoitzak zer egin zezakeen hausnatuz. 

Koordinazioa, fundazioak

Joseba Illarramendi San Juan fundazioko zuzendariak proiekturen koordinazioa nola egingo duten azaldu zuen. Hark adierazi zuen etorkizunean Zestoako eragile guztiok batu direla, etorkizunerako eraiki nahi den zaintza eredua aukeratzeko. "Hori oso herri gutxitan gertatzen da. Herrian beste eredu bat ari gara sortzen, behetik gorakoa, herritik sortutakoa. Aukera dugu herri bertan erabakitzeko, eta hori da proiektu honen ardatz sendoena".

Zestoako Udalak eta San Juan fundazioak asteazkenean sinatu zuten lankidetza hitzarmena, eta akordio horren arabera, San Juan fundazioak hartuko du azken lau urteetan sortzen eta gorpuzten joan den zaintzaren proiektua lurreratzeko ardura. Hain zuzen, zaurgarritasun goiztiarra detektatzeko sistema martxan jarriko dute; herrigunetako nahiz auzoetako azpiegituren beharraren azterketa egingo dute; zaintza komunitarioa nahiz profesionala uztartzeko ardura hartuko dute; proiektuaren pilotajea egingo dute aldundiaren Liburu Berdearen barruan; eta, proiektuaren bideragarritasuna ahalbidetuko dute.