Jakin-mina, azalpenak eta eskaintza bat, Elizondoren gainean udalak deitutako batzar irekian

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 13a, 15:06
Ostiralerko batzar irekia, Alonderon. (Danbolin)

Besteak beste, gaztetxea itxiera arriskuan dagoela "erabat gezurtatu" du Udal Gobernuak, eta egungo kokapenean jarraitzeko eskaintza egin dio Gazte Asanbladari. Aldiz, Elizondo eskuratzeko aukera momentuz izoztuta ikusten dute udal arduradunek.

Jendetsua eta mamitsua izan zen Elizondo antzoki zena edo Zentroa deritzotenaren gainean Zestoako Udalak deitutako batzar irekia. Herritar asko elkartu zen bertan ostiral arratsean, Alonderoko kultur aretoa txiki uzteraino; Zestoako Gaztetxea Zentrora lekualdatzeko eskatzen duen Gazte Aasanbladako hainbat kide ez ezik, beste eragile batzutako kideak zein norbanakoak izan ziren bi orduz luzatu zen bilkuran.

Elizondoz eta herriko gaztetxearen lekualdatzeaz azalpenak emateko deitu zuen batzarra udalak, eta azalpen horiek izan ziren bileraren ardatza. Gazte Asanblada gaztetxea Elizarena den eraikin horretara eramatea eskatzen hasi zenetik hainbatetan errepikatutako mezua berretsi zuen Mikel Arregi alkateak: jabetza dela lehen gakoa, nagusiena; eta, hori bideratuta ere, gaztetxea eraikin horretan kokatzeak inbertsio handia eskatuko lukeela errepikatu zuen batzarrean. Gaia kokatzeko, azken 30 urteetan udalak Elizondo jabetza eta erabilera publikokoa izateko ahalegin bat baino gehiago egin dituela azaldu zuen Arregik; azkena, bera buru duen Udal Gobernuak agintaldi honetan. Herrigunean zein auzoetan Elizak duen ondarea jabetza edota erabilera publikora pasatzeko akordioak itxi nahian ibili direla esan zuen Arregik, baita Elizondo eraikina ere. Eskaintza zehatza ere egin dio agintaldi honetan Zestoako Udalak Elizari Elizondoz: bost urterako alokairua sinatzea, kopurua zehaztuta, epe hori osatutakoan udalari eraikina erosteko aukera emanez. Arregik ostiralean esan zuenez, eskaintza hori aztertzekotan eta kontraeskaintza bat aurkeztekotan zen Gipuzkoako Gotzaindegia, baina alkatearen esanetan, Gazte Asanbladako kideek Elizondo okupatu eta Elizak salaketa jarri ondoren, ez dute lortu harremanik berritzerik.

Bestetik, Kultur Etxerako Gaztetxea handik kentzea ekarriko lukeen proiekturik ez duela baieztatu zuen Arregik, Zestoako Gaztetxea itxiera arriskuan dagoela "erabat gezurtatu" nahi izan zuen Udal Gobernuak, eta eskaintza berria jarri zuen mahai gainean: Gaztetxearen Kultur Etxeko egungo egoitza beste bost urterako Gazte Asanbladari uztea, asanbladak hala nahi izanez gero.

Azalpenen ondoren, hitza hartu zuten herritarren galderak erantzun zituzten Udal Gobernuko kideek, eta batzarraren "balorazio baikorra" egin dutela adierazi zuen ondoren Arregi alkateak.