"Jarrera kontraesankorra" albora dezala eskatu dio Zestoako Gazte Asanbladak Udal Gobernuari

Ane Olaizola 2023ko mar. 16a, 12:27
Joan zen ostiralean egin zuten batzarraren irudi bat. (Danbolin)

Elizondo antzokia zenari buruzko batzarra egin zuten joan zen ostiralean Zestoan, eta haren balorazioa oro har positiboki baloratu du Zestoako Gazte Asanbladak. Ordea, alkateak kazeta honi emandako "bertsioa kontraesankorra" iruditu zaio taldeari, hark batzarrean agertu zuen "jarrerarekin" alderatuta.

Zestoako Udalak deituta, Elizondo antzokia zena edo Zentroa deritzotenaren gaineko batzarra egin zuten joan zen ostiralean dozenaka herritarrek, eta saioaren harira Mikel Arregi alkateak Urola Kostako Hitzari egindako adierazpenen balorazioa egin du orain Zestoako Gazte Asanbladak. Taldeak, "neurri batean" bada ere, positiboki baloratu du batzarrean "gertatu eta esan" zirenak; ordea, alkateak kazeta honi emandako "bertsioa kontraesankorra" iruditu zaio Gazte Asanbaldari, hark batzarrean agertu zuen "jarrerarekin" alderatuta.

"Gaztetxearen ziurgabetasun egoera gezurtatu zela esan du [alkateak], batzarrean bertan ziurgabetasun egoera horri aterabide bat emango zitzaiola adostu zen bitartean. Arazo hori ez balitz existituko, ez litzateke soluzio bat emateko beharrik egongo", esan du taldeak. Horrez gain, taldearen arabera, Arregi "saiatu" da egoeraren "blokeoaren erantzule" egiten Gazte Asanblada, "okupazioaren lehenengo momentuan izan zituen hitz politekin kontraesankorra izanez, eta bere erantzukizuna ahaztuz".

Taldeak azpimarratu duenez, "Hitzaren albistea irakurrita, badirudi Udal Gobernuaren jarrera dela gaztetxea egun dagoen tokian geratzea eta horren sezio kontratu bat soilik egitea, hura zentrora mugitzeak eragiten duen zailtasunagatik". Gazte Asanbladak azaldu du hori ez zela alkateak batzarrean erakutsi eta astelehenean "beste bilera batean berretsi" zuen jarrera, eta "onartezintzat" jo dute adierazpena.

Zestoako Gazte Asanbladak, beraz, Udal Gobernuari galdegin dio "halako atzera pausoak ematea" eta "erakusten ari den jarrera kontraesankorra" alboratu ditzala, baita "proiektuaren aldeko jarrera irmoa eta konpromiso erreala" har ditzala ere. "Batzarrean hartutako jarrera positiboki baloratzen dugun arren, ekintza errealak dira orain behar ditugunak, gaztetxea ziurtatzeko lokal zaharraren zesio kontratu duin bat prestatzeari ekinez, eta bien bitartean, Eliza eseraraziz eta salaketa kentzeko bere esku dituen neurri guztiak erabiliz".