GRI Castings enpresa ez ixteko eta lanpostuei heltzeko mobilizazioak hasi dituzte langileek

Nerea Uranga 2023ko mar. 17a, 15:09
GRI enpresako langileek gaur eguerdian egin duten protesta, Arroako biribilgunean. (Argazkia: Urtzi Oteiza)

GRI Castings ez itxi lelo hartuta elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Zestoako enpresako langileek. Lanpostu guztien alde borrokatzeko prest daudela adierazi dute.

GRI Castings enpresak Zestoako lantegia itxi eta 61 langile kaleratuko dituela eta, lanpostuak mantentzearen aldeko mobilizazioa egin du gaur eguerdian Enpresa Batzordeak Zumaiako bidesariaren ondoko biribilgunean. GRI Castings ez itxi lelo hartuta egin dute elkarretaratzea.

Manuel Murillo Enpresa Batzordeko kideak hitz egin du langileen izenean, eta adierazi du joan zen astean egin zutela enplegua erregulatzeari buruzko aurreneko bilera, Zumaian; kontsulta aldiko negoziazio batzordea osatu zuten bilera hartan. Hurrengo negoziazio bilera datorren asteartean, martxoaren 21ean, egingo dutela adierazi du langileen ordezkariek. Enpresa Batzordeak administrazio publikoak interpelatu nahi dituela esan du, "gaian esku har dezaten eta GRI Castingsen industria politikaren alde borrokatu dezaten". Gaurko mobilizazioa aurrenekoa izan dela adierazi du Enpresa Batzordekoak, eta beren lanpostuen alde eta lantegia ez ixteko borrokan jarraituko dutela esan du.

Eneritz Aristondo ELA sindikatuko kideak elkarretaratzean esan duenez, langileek "ez zuten espero" kaleratzearen berria eta "ezustean" harrapatu ditu. Bai Enpresa Batzordeak eta bai ELAk lanpostu guztiak mantentzearen alde eta proiektu industriala bertan gelditzeko borrokatuko dutela esan du. "Enpresarekin izandako bileretan dokumentazio bat eman zaigu, baina uste dugu oraindik ere dokumentazio gehiago jaso beharra dugula, eta hori guztia aztertu", esan du ELA sindikatuko kideak.

Langileen bilkurari babesa azaldu dio Zestoako Udal Gobernuak, eta elkarretaratzean parte hartu du Ruben Alberdi zinegotziak. Hilaren 10ean, langileek lana gal dezateketelako kezka agertu zuen Zestoako Udalak.