"GRI Castings ez ixteko eta lanpostuei heltzeko borrokan jarraituko dugu"

Urtzi Oteiza eta Nerea Uranga 2023ko mar. 17a, 17:33

GRI Castings ez itxi lelo hartuta elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Zestoako enpresako langileek, Arroako biribilgunean. Lanpostu guztien alde borrokatzeko prest daudela adierazi dute.

GRI Castings enpresak Zestoako lantegia itxi eta 61 langile kaleratuko dituela eta, lanpostuak mantentzearen aldeko mobilizazioa egin du gaur eguerdian Enpresa Batzordeak Zumaiako bidesariaren ondoko biribilgunean. GRI Castings ez itxi lelo hartuta egin dute elkarretaratzea.

Manuel Murillo Enpresa Batzordeko kideak hitz egin du langileen izenean, eta adierazi du joan zen astean egin zutela enplegua erregulatzeari buruzko aurreneko bilera, Zumaian; kontsulta aldiko negoziazio batzordea osatu zuten bilera hartan. Hurrengo negoziazio bilera datorren asteartean, martxoaren 21ean, egingo dutela adierazi du langileen ordezkariek. Enpresa Batzordeak administrazio publikoak interpelatu nahi dituela esan du, "gaian esku har dezaten eta GRI Castingsen industria politikaren alde borrokatu dezaten". Gaurko mobilizazioa aurrenekoa izan dela adierazi du Enpresa Batzordekoak, eta beren lanpostuen alde eta lantegia ez ixteko borrokan jarraituko dutela esan du.