GRI Castingseko Enpresa Batzordeak manifestaziora deitu du ostiralerako

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 22a, 12:00

19:00etan Zestoako plazatik abiatuta egingo dute mobilizazioa, eta herritarrei eskatu diete protestara azaltzeko langileei babesa adieraztera. 

GRI Castings enpresak Zestoako lantegia itxi eta 61 langile kaleratuko dituela eta, Enpresa Batzordeak mobilizazioa deitu du ostiralerako. 19:00etan Zestoako plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute, eta herritarrei eskatu diete protestara azaltzeko langileei babesa adierazteko. 

Langileek atzo iluntzean erabaki zuten mobilizatzea antolatzea, enpresaren ordezkariekin bilera izan eta gero. Ohar bidez azaldu dutenez, atzoko bileran enpresak txosten teknikoaren inguruko azalpenak eta arrazoiak eman behar zizkien Enpresa Batzordeko kideei. Bilerara, ordea, enpresako ordezkariak bakarrik ez, Deloitte ahokularitza etxekoak ere azaldu zirela kontatu dute, "aurrez abisatu gabe", eta, horrek, langileak "erabateko babesgabetasun egoeran" utzi zituela.

Langileek ez dute nahikotzat jo atzoko bileran enpresak kontatutakoa. "Ez digu balio esaten duten ezerk. Gezurra eta manipulazioa dira euren erabakia justifikatzeko erabiltzen dituzten baliabide bakarrak, eta txosten teknikoaren inguruan eman dizkiguten azalpen guztiak alperrikakoak dira", adierazi dute langileen ordezkariek. "Enpresa Batzordeak enpresaren bideragarritasunean sinesten du, eta arduradunek benetan nahiko balute, martxan jarraitzeko aukera guztiak izango lituzke".

Langileek ziurtatu dute borroka egiteko prest daudela "enpresaren erabakia iraultzeko, enpleguak babesteko eta Zestoako lantokiaren industria proiektua defendatzeko", eta bide horretan, laguntza eskatu diete erakundeei.