Salaketa kenduz astearteko epaiketa bertan behera uzteko eskatu dio Elizari Zestoako Gazte Asanbladak

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 12a, 15:30
'Gaztetxea Zentrora' elkartasun eguneko manifestazioa, martxoaren 4an. (Mailo Oiarzabal)

Bi elkarretaratze deitu dituzte, bat zapatuan Zestoan eta bestea Zentroaren okupazioa dela-eta gazte bat epaituko duten egunean eta lekuan, apirilaren 18an, Azpeitiko Epaitegien atarian. Elizak Zestoan dituen jabetzen berri ematen duen bideoa ere plazaratu du Gazte Asanbladak.

Gaztetxea Elizondo eraikinera (Zentroa) lekualdatzeko presio neurri gisara, eraikin horretan sartu ziren otsailean Zestoako Gazte Asanbladakoak (ZGA). Otsailaren 22an Ertzaintzak sei lagun identifikatu zituen Zentroan, eta Gotzaindegiak asanbladako kideen kontra salaketa jarri duela jakinarazi zuen ZGAk otsailaren 27an.

Hain zuzen ere, salaketa hori dela-eta gazte bat epaituko dute datorren asteartean, apirilaren 18an, Azpeitiko Epaitegietan, eta ZGAk bi elkarretaratze deitu ditu, Herriko gazte bat epaitua, absoluzioa orain! leloarekin. Zapatuan, hilaren 15ean, Zestoako plazan egingo dute protesta, 13:30ean. Bigarren elkarretaratzea, berriz, epaiketaren egunean eta lekuan egingo dute: asteartean, hilaren 18an, Azpeitiko Epaitegien atarian, 10:45ean.

Salaketa ken dezala "exijitu" dio ZGAk Elizari, epaiketa bertan behera geldi dadin: "Azken hillabeteotan, Elizak biltzeko eta negoziatzeko prestutasunik ez duela garbi erakutsi digu. Gainera, eraikinera sartu ginenetik hartutako erabaki bakarra bide judiziala izan da, eta herriko gazte bat epaitu dute. Guk, ordea, oztopoen aurrean borrokan jarraitzen dugu, udalarekin eta Elizarekin akordio batera iristeko. Horretarako, apirilaren 15ean deitu dugun kontzentraziora bertaratzeko deia luzatzen dugu, Elizak salaketa kendu dezan eta udalarekin negoziazio mahai baten bidez akordio batera iritsi gaitezen".

Elizaren jabetzei errepasoa

Eskaera bera jaso dute Elizak Zestoan dituen jabetzen gaineko xehetasunak azaltzeko egin duten bideo honetan ere.

"Elizak biltzeko eta negoziatzeko prestutasunik ez duela ikusita, Zestoako udalerrian dituen jabetzen berri ematea erabaki dugu. Elizak jabetza asko izateaz gain, kasu askotan espazioek ez dute erabilpenik eta egoera penagarrietan aurkitzen dira", Gazte Asanbladakoen esanetan. Horregatik uste dute Gaztetxea Zentrora lekualdatzeko arazorik ez lukeela egon behar: "Argi gelditzen da espazio hauen jabe den Elizak ez duela guzti horien beharrik, eta Gaztetxea lekualdatzeko espazioa badagoela, inori inongo kalterik suposatu gabe. Guk garbi daukagu Zestoako herriak behar duen Gaztetxea honako hau dela".