Ibañarrietan Santa Kutz festak ospatuko dituzte zapatuan eta igandean

Julene Frantzesena 2023ko mai. 4a, 10:00
Iazko jaietako irudia.

Larunbatean eta igandean ospatuko dituzte festak, eta ez da ekitaldirik faltako; izan ere, bazkaria, meza, jolasak nahiz herri kirol erakustaldia izango dira auzoan.

Ibañarrietako festa batzordeak dagoeneko prest du aurtengo Santa Kutz jaietarako egitaraua. Larunbatean eta igandean ospatuko dituzte festak, eta ez da ekitaldirik faltako; izan ere, bazkaria, meza, jolasak nahiz herri kirol erakustaldia izango dira auzoan.

Zapatuan auzo bazkaria egingo dute, 13:30ean, Ekain sagardotegian. Dena den, hurrengo egunean jarraituko dute ospakizunekin. Hain zuzen ere, Santo Kristo baselizan meza izango da 12:00etan, eta gero, 12:30ean, zapo jokoa egingo dute. Arratsaldean, berriz, Iago magoren erakustaldia izango da, 17:00etan hasita, Urtain plazan, eta ondoren, 18:30ean, herri kirol erakustaldia egingo dute.

Herri kirol saioa izango da festetako azken ekitaldia. Zehazki, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Xabier Aranburu Guzta ariko dira harriarekin, eta aizkoran, berriz, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga arituko dira.