Sortzaileek, bat eginda, azoka egin dute Zestoan

Ane Olaizola 2023ko mai. 14a, 08:38

Eguraldia zela eta, udaletxe azpian egin zuten atzo iluntzean sortzaileen azoka, Euskal Herria plazan egin beharrean. Dozena erdi bat postuk osatu zuten azoka, eta musika saioek eman zioten amaiera Portale kultur elkarteak antolatutako egitasmoari. 

Zestoako Portale kultur elkarteak antolatuta, herriko sortzaileen azoka egin zuten atzo iluntzean. Hasiera batean, Euskal Herria plazan ziren egitekoak azoka, baina eguraldia zela eta, udaletxe azpian jarri zituzten sortzaileek postuak.

Guztira, dozena erdi postuk osatu zuten azoka, eta herritarrek askotariko produktuak ikusteko zein erosteko aukera izan zuten 20:00ak artean. Era berean, Eire musikari zumaiarrak kontzertua eskaini zuen udaletxe azpian, eta gauean, Elba DJak saioa eskaini zuen.