Hasi dituzte kiroldegi atariko estalkia kentzeko lanak

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 16a, 12:16
Kiroldegiko estalkia kentzeko lanak, atzo, Zestoan. (Mailo Oiarzabal)

Atzo hasi ziren lanean eta ostirala arte ariko dira egitura desmuntatzen. Lanak tarteko, Uztapide jolas parkea itxita egongo da asteburura arte.

Atzo hasi zituzten Zestoako kiroldegi aurreko estalpea kentzeko lanak. Kiroldegiko pilotalekuaren teilatua berritzeko obrekin batera esleitu zituen udalak orain egiten ari diren lanak. Estalpe berria jarriko dute kenduko dutenaren ordez, eta eguzki plakak jarriko dituzte haren gainean.

Udalak aurreikusitakoaren arabera, ostirala arte iraungo dute estalki zaharraren egitura desmuntatzeko lanek. Lanak tarteko, eta segurtasuna bermatzeko, kiroldegi aurreko Uztapide jolas parkea itxita egongo da asteburura arte.

Estalkia, xafla batzuk kenduta. (M. Oiarzabal)