2023ko udal eta foru hauteskundeak

Mikel Arregi: "Beste agintaldi baterako konfiantza eskatzera gatoz hauteskunde hauetan"

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 17a, 13:00

Mikel Arregi (Zestoa, 1969) egungo alkateak bigarrengoz lortu nahi du Zestoako alkatetza EH Bildurekin, "hasitako lanei bukaera emateko".

Zestoako alkate izan zara azken agintaldian eta berriro aurkeztu zara alkatetazara. Erraz hartutako erabakia izan al da?

Garbi dago ardura hauek egunerokotasuna eta bizitza pertsonala baldintzatzen dituztela. Lau urte egon gara, eta hasitako lanei jarraipena eman eta lan batzuk bukatzeko, jarduera publikoak ere obligazio batzuk dituelako, ilusio guztiarekin aurkeztu naiz, hasitako lanei bukaera emateko.

Lantalde berritu samarra aurkeztu duzue. Nola definituko zenuke osatu duzuen zerrenda?

Hainbat helburu genituen. Belaunaldi berriak inplikatzea nahi genuen, batez ere datozen urteak ondorengoek nozituko dituztelako; larrialdi klimatikoaz ari naiz, eta beste hainbat gauzataz ere bai: egoera ekonomikoa, etxebizitza politika... Eskarmentua ere balio bat da, baina gaztetasunak ematen duen freskotasuna ere ezinbestekoa da. Norabide horretan, iruditzen zait lortu dugula belaunaldien arteko oreka, eta bestetik, auzotarren presentzia. Bistan da Zestoa Gipuzkoako herririk konplikatuena dela zentzu horretan; auzo asko ditugu, erdiak pasatxo herrigunean bizi gara, baina gainontzeko denak auzoetan. Arroabeak ere beste dimentsio bat hartuko agintaldi honetan, etxebizitza berriak martxan jarriko dira. Iruditzen zitzaigun ezinbestekoa zela auzotarren presentzia kualifikatu bat zerrendan izatea; aurreneko sei ordezkarietatik hiru auzoetan bizi direnak dira, Parekidea, gaztea, eta herrigintzan eta eremu sozialean eskarmentua daukan jendez osatutako zerrenda da. Gustura gaude, eta ilusioz.

Gehiengo osoarekin gobernatu duzue azken agintaldian. Zer nabarmenduko zenuke azken lau urte hauetatik?

Gobernantza eredu aldaketa. Klabea da. Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direla kontuan izanda, gobernantza ereduak irekia eta elkarlanean oinarritutakoa izan behar du ezinbestean. Agintaldi honetan martxan jarri ditugun proiektuak norabide horretan joan dira. Pandemiak eta abarrek baldintzatua izan bada ere, oinarri finko batzuk jarri ditugu. Batetik, badakigu zaintzarekin zer arazo ditugun; bistan da arlo horretan eragile desberdinekin egindako elkarlanak bere emaitzak izan dituela. Zestoan ere, beste herri askotan bezala, bakarrik bizi dira 70 urtetik gorako 167 pertsona, horietako asko baliabide gutxirekin, beste batzuk hurbileko seniderik gabe. Zaintza sistema bat eratu dugu, bertako estrategian oinarrituta, bertako eragileekin. Gobernantza eredu batekin jokatu da, eragile desberdinen inplikazioarekin, eta horrek bere emaitzak eman ditu; besteak beste, Gipuzkoako sei herri onenen artean gaude proiektuei dagokienez, herri txikiena gara sei horien artean, eta Aldundiak dirulaguntza onartu digu. Larrialdi klimatikoari aurre egiterakoan ere, berdin. Udalean 11 ordezkari egon arren, garbi dago ez dela posible 11 orojakile izatea, orojakileak ez gara inor. Beti esan dut Zestoak baduela nahiko giza kapital eta kualifikatua, eta herriko kapital eta jakinduria horrekin kontatu egin behar da. Horrez gain, hainbat gauza egiterakoan parte hartze prozesuetan oinarritu gara: aurrekontu parte hartzaileak martxan jarri genituen, agintaldi hasieran herri plangintza estrategikoa egiteko 300 herritarren parte hartzea bultzatu genuen. Hori da gehien nabarmenduko nukeena, maila batean jakin dugula herritarrekin eta eragileekin etorkizunean Zestoarekin zer egin behar dugun galderari erantzuna ematen. Mahai gainean jarri diren kezka guztiekin ibilbide orri bat egitea lortu da, eta gaur da eguna udalak 2030. urtera arteko ibilbide orri bat daukana; epe motz, ertain eta luzerako plangintza bat.

Egindako lanarekin konforme? Zerbait gelditu al zaizue egiteko?

Politikan gauza asko esaten dira, baina gero ez da egindakoa ebaluatzen. Udala hartu genuenean, ez zegoen komunikazio planik eta estrategiarik, eta urrats batzuk egin genituen; helburu batzuk jarri genituen, eta horien jarraipen ebaluatu bat ere egin dugu. Dudarik ez, lau urtetan ezin da dena egin, lau urtek ematen dute ematen dutena. Proiektu batzuk, gainera, ez dira motzak. Benetan pozik gaude aipatu ditudan eremuetan proiektu batzuk martxan jarri direlako eta oinarri batzuk hor daudelako, etorkizun hurbilean gainean edukiko ditugun erronkei aurre egiteko. Gauza asko daude egiteko ere, eta hori da esaten duguna, hasitako lanak jarraipena behar duela. Gauza batzuk agintaldi honetan bukatzeko moduan izango gara, baina beste hainbat gauzak jarraipena izan behar dute, esan dudan bezala, plan bat daukagulako 2030era begira. Jakina, guzti honek herritarren onespena behar du, eta zentzu horretan, umiltasun guztiarekin, herritarrei beste agintaldi baterako konfiantza eskatzera gatoz hauteskunde hauetan.

Azken agintaldian mahai gainean egon diren hiru gai aipatuko ditugu jarraian, horien aurrean zuen proposamena zein den azaltzeko. Hasteko, zer puntutan dago kultur azpiegituren kontua?

Deialdi eta hausnarketa saiotxo batzuk egin ziren herriko hainbat eragilerekin. Egungo Kultur Etxean aktibitate handia dago: musika eskola, euskaltegia... hainbat gauza daude. Egia da ere aretoa eguneratu egin beharko litzatekeela, eta 2023ko aurrekontuetan ja partida bat daukagu horren birmoldaketa aztertzearen aldekoa. Ikusten dugu baldintzak badaudela herrigune nagusiko egungo kultur etxe hori birmoldatzeko, hor dagoen antzokia aldatzeko eta egun duen edukiera handitzeko; iruditzen zaigu 80 pertsonatik 140 pertsona ingurura arteko edukiera ematea badagoela horri, eta gainerako espazioak apur bat birmoldatzeko ere bai, baina gaur egungo jarduerak baldintzatu gabe. Iruditzen zaigu Zestoan jasangarriena eta bideragarriena hori dela, hortik haragorako proiektu handi bat baino, eremu horren antolaketa nola dagoen kontuan hartuta. Guretzako, epe arrazoizko batean gauzarik bideragarriena izango litzateke egungo Kultur Etxearen birmoldaketa. Bestetik, auzoetara jota, Arroabea Zestoako auzorik populatuena da. Egia da gaur egun, gertutasunagatik, Zumaiarekin harreman handiagoa duela Zestoarekin baino, baina Arroabeak izan duen populazioaren gorakadari erantzun egin behar zaio; besteak beste, guk behintzat nahi dugulako bizi garen lekuan bizitza egitea. Arroabea dinamika propioa duen auzoa da, baina iruditzen zait behar duela biztanle kopuru horri erantzungo dion ekipamendu bat. Auzoko sarrera-irteeren exekuzioa martxan dago, horren esleipena urte honetan egingo da. Eta kultur ekipamendu bat planteatzen dugu. Badakigu Arroabearen sorrera zeri erantzutera etorri zen, zementugintzako jarduera ekonomiko baten arabera indartu zen auzo gisa bere garaian. Jarduera hori desagertu da, eta hor dauden hainbat eraikin apur bat zaharkituta daude. Iruditzen zaigu urbanistikoki Zestoako Udalak baduela hainbeste ahalmen, eta beti ere Arroabeko auzotarrek horrela ikusiko balute behintzat, planteatuko genuke Joxe Miguel Egaña plazaren inguruko eremua eraistea eta hor azpiegitura berri bat egitea, eraikin balioaniztun bat. Eskola egungo eraikinera aldatu zenetik, auzotarrek martxan jarrita daukate elkargune bat, baina iruditzen zaigu erreferente izango den gune bat egin beharko litzatekeela: urbanistikoki, teknikoki, nahiko erraza da hori eremu horretan egitea.

Zeresana ematen ari direnen artean bestea, Gaztetxearen lekualdatzea.

Orain dela lau urte, Elizondo zinema zena jabetza publikora pasatzea geneukan helburu bezala; jabetza Elizarena da, eta ez da posible izan. Egia da Gaztetxearekin eta Gazte Asanbladarekin aukerak lantzen joan ginela. Guk Elizari eskaintza bat egin genion bere garaian, ezezkoa jaso genuen. Elizak Zestoan ondare handia du; askotan, Zestoaz, herriguneaz, hitz egiten dugu, baina auzoetan ere Elizak sekulako ondarea dauka eta guk, herri gisa, denari begiratu behar diogu, ez herriguneari bakarrik. Momentu honetan, okupazio bat eman da. Maila batzuetan behintzat, uste dut okupazioa zilegi izan daitekeela; azkenean, erabakia hartzen du hartzen duenak, eta udalak egin behar du egin behar duena. Gaur da eguna non, Elizaren jabetzakoa izanagatik, Elizondo antzoki zaharra esku publikoetara pasatzeko aukera egongo balitz, hor gazte jarduera batzuk egiteko eta Gaztetxea hor kokatzeko lekua izan daitekeena. Baina arazo handi bat dago. Badakigu gaztetxeetan, batez ere ordu txikietan, zarata edo watio askoko kontzertuak egiten direla; hori, gaur egun, jendea bizi den eremu oso urbanoetan egitea oso zaila da, legeak oso zorrotzak direlako eta jendeak atsedenerako eskubidea daukalako. Ondoko herrietan, bizitegi gune nagusietatik pixka bat haragoko eremuetan dago kokatuta gaztetxea. Beraz, hor Gaztetxea izatekotan, garbi dago jarduera batzuk ezingo liratekeela egin. Kontuan hartuta horrelako jarduerarik gabe Gaztetxea pixka bat hankamotz geldituko litzatekeela, iruditzen zaigu herriko beste gune batzuk aztertu beharko genituzkeela. 1994az geroztik Gaztetxea nahiko finko egon da Kultur Etxean kokatuta, eta ulertzen dut igoal ez dela hori leku egokia; bestetik, esan behar da hor kontzertuak egiten direnean bertako auzotarrek zaraten arazoa nozitu behar izaten dutela. Ondo pentsatzen jarrita, kontua ez da gaztetxe bat inoren kontra egitea, horrelako gauza bat egiten denean herritarren arteko kontsentsu maila bat lortu behar da. Guk gazteei transmititu izan diegu hori. Badaude aukera batzuk, baina gure apustua izango litzateke gaztetxe integral bat jartzea; ez jendea bizi den eraikinetan, baizik eta herriguneko eremuan, estazioa edo beste hainbat espazio aztertu, ikusi, eta kakotx artean esanda, ahalik eta kalte gutxiena egingo lukeen eremuan. Horren alde gaude. Eta gero, bai, guk Elizari eskaintza bat egin genion, eta udalak lagapen bidez edo beste formularen batekin Elizondo antzoki zaharra eskuratzeko aukera izango balu, gure ustez hori esku publikoetara pasatu beharko litzateke, gazte mugimenduaren eremu ere izateko, baina beti ere, esan dudan muga edo arazo hori kontuan hartuta.

Hirugarren kontua, Piaspe proiektu eolikoa. Dakizuenaren arabera, eta azpiegituren garraioa Akoatik egitekotan, Zestoako Udalak ez lukeela onartuko esan duzue. Berrikuntzarik ba al da kontu horretan?

Udal eta parte interesatu gisa pertsonatuta gaude kontu honetan. Espedientera sarrera daukagu eta informazio bat badaukagu; berriki, gainera, xehetasun batzuk jasota dauzkagu. Aitortuta, gainera datorkigunarekin, erregai fosilak ordezkatzeko denaren beharra izango dela; eta egungo eredu ekonomikoa aldatu gabe hau posible al den, galdera ikur handiarekin, hor dagoela, agintaldi honetan urrats batzuk egin ditugu. Udalaz haragoko eragiletza bat sortu da, jende anitzez osatutako energia komunitate bat. Gu geu, eraikin publikoez gain eraikin pribatuak kontuan hartuta herrian edukiko genukeen kapazitate energetiko fotovoltaikoa aztertzera goaz, eta horren arabera nahiko genuke eskala txikitik gai honi erantzuten hastea. Bestetik dago plano juridiko administratiboa. Azterketarik egin gabe, LPSrik eskuetan eduki gabe, planifikaziorik gabe, gure mendietan 200 metrotik gorako aerosorgailuak jartzen hastea, ez zaigu bidezkoa iruditzen, gutxienez horiek egin aurretik beste etxeko lan batzuk egin behar ditugulako. Denok dakigu energiarik berriztagarriena kontsumitzen ez den hori dela. Zentzu horretan, Energia Bulego bat irekitzeko asmoa daukagu. Gaur egun ditugun potentzia kontratuak eta abarrak kontuan hartuta, garbi dago askotan azpiegiturarik egin gabe ere asko aurrezteko aukera dagoela. Hor sekulako lana dago egiteko. Guk onartu genuen mozioa zentzu horretan izan zen: ariketa hau egin gabe eta LPSrik onartu gabe, guk proiektu horren tramitaziorik hasiera batean ez genuela onartuko esan genuen mozioan, eta mozio hori dugu onartuta udalean, EH Bilduk gehiengoa dugulako. Une honetan, hori berresten dugu. Jakina, gauza asko zeuden mahai gainean, energiaren sozializazioa eta abar, baina hilabete batzuk pasatu dira, eta hor sortuko edo ekoiztuko litzatekeen balizko energiaren sozializazioaren inguruan ez dago berririk. Aldiz, tramitazio batzuk martxan daude; aurretiazko baimen administratiboa martxan dago, epe batzuk daude, gu pertsonatuta gaude eta horren jarraipena egiten ari gara. Hauteskunde garaia da, baina hauteskundeetan gertatzen dena gertatuta, herritarrei zor zaien errespetuagatik eta gardentasunaren ikuspegitik, udalak esku artean duen informazio guzti hori herritarren esku jarri nahiko genuke, eta hortik aparte, inplikatuta dauden eragileen esku ere bai.

Batzuk aipatu dituzu, baina zuen hauteskunde programaren zer puntu nabarmenduko zenuke?

Asko daude nabarmentzeko eta batzuk aipatu ditugu, baina bat nabarmentzekotan, eta oraindik ez dugu aipatu, etxebizitza politika. Etxebizitzarena ez da gaurko arazoa, aspalditik dator. Aitortu behar da ere, nahiz eta eskumen batzuk izan, ez dela erraza, udalen ikuspegitik. Guk garbi esaten duguna da jabetza publikora jo behar dela, eta beste herrialde batzutan martxan dauden esperientziek ere hori egiaztatzen dute. Gu kultura pribatutik gatoz, kultura pribatuaren mende gaude, eta guri iruditzen zaigu kultura aldaketa bat eman behar dela hemen. Ez da posible Zestoan, gaur egun, hilabetean 900 euro ordaindu behar izatea alokairuan teilatu bat edukitzeagatik. Hori sarraski bat da, injustizia sozial ikaragarri bat. Horri buelta emateko, Correoseko eraikina bota genuen, jabetza publikokoa da ja eremu hori; eta zestoar guztiek dakite Kaleokerra zer egoeratan dagoen, jabetza pribatua dago tartean eta erantzukizun batzuk badaude, baina gu saiatu gara, jabeekin hitz egin da eta aurrerapen handiak eman dira, eta halako aurrekordio moduko bat dago. Gure proiektu zehatza da, beraz, Correoseko orube horretan eta Kaleokerreko lau portal horien eremuan jabetza publikoko etxebizitzak eraikitzea. Agintaldi osoa pasatu dugu Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoarekin hitz egiten, oso kontu zaila da hau eta gauza batzuk ez zaizkigu atera; baina zaila izanagatik, gu ez gaude hemen gauza errazak egiteko. Zestoan 22 etxebizitza egiteko aukera edukiko genuke. Gauza hauek bere denbora behar dute, baina herriko gazteek beren bizi proiektuak Zestoan era duin batean eta alokairu leun batekin egiteko aukera izateak, maila batean, obligazio bat izan behar luke politika publikoetan gabiltzanontzako. Herri txikia gara eta ez da ohikoa herri txikietan horrelako gauzak egitea, baina gu saiatuko gara Jaurlaritzarekin hau dena hitzartzen. Bestela, udalak kaudimen jakin bat badauka, momentu honetan egoera ekonomiko onean dago kudeaketa ona izan delako, garbi esanda, eta zorpetze ahalmentxo bat ere badago. Azterketa batzuk eginda dauzkagu eta, gure ustez, hortik jo beharra dago bai ala bai, promozio pribatuekin bakarrik jai dagoelako; promozio pribatuekin gabiltza joan den 40 urtean, eta garbi dago horrek etxebizitza eskubidea ez duela bermatzen. Badakigu eskubide baino gehiago dela negozio gaur egun etxebizitza politika. Ausartak izan behar gara, eta herri txikia izanagatik, gure ilusio guztiarekin heldu nahi diogu horri, eta horretan ari gara. Datorren agintaldiko proiektu nagusietakoa izango da aipatutako etxebizitzena, eta uste dut herri honen historian ere, gauza berritzailea ez ezik, inoiz egin gabekoa izango litzatekeela, eta gure tamainako herrietan ere nahiko aitzindari izatera iritsiko ginatekeela. Baina politikan horretarako gaude. Ez da erraza izango. Guk egindako azterketan arabera, iruditzen zaigu gaitasuna eduki badaukagula, kudeaketa on baten bidez.

Eta Udal Gobernura berriro iritsiz gero lehentasun bat finkatzekotan, zein?

Estrategia kontua, agian. Maila batean, Azpeitira begira, Urola Erdira begira ikusi izan dut beti Zestoa: mankomunitatea, Lapatx... Eta iruditzen zait Zestoak indargune inportante bat daukala, eta da Urola Erdia eta kosta batzen dituen herria garela. Azalera handikoak gara, bi [natur] parkeren parte gara, Pagoeta –hori oso jende gutxik daki, baina Pagoetako parte gara, Aiarekin eta Zarautzekin batera– eta Izarraitz; gure industrialde handiena [Sansinenea] kostan dago. Ondo dago Azpeitiarekin, Azkoitiarekin eta gainontzekoekin harremanak edukitzea, baina iruditzen zait kostara begira ere jarri behar garela; eta agintaldi honetan ere norabide horretan hartu ditugu hainbat erabaki, Zumaiarekin eta Debarekin zein Getariarekin eta Aizarnazabalekin hainbat hitzarmen eginda. Guk turismo jasangarriaren aldeko apustua egiten dugu, baina gure produktu turistikoak ere Urola Erdira baino kostara begira jarri beharrean daudela iruditzen zaigu. Horrekin lotuta, herri euskalduna gara, horri ezin zaio uko egin, Euskal Herriko eremu euskaldunenetako batean bizi gara. Nik gure kultura euskararik gabe ez dut ulertzen, eta baditugu kezkatzeko moduko arrazoiak. Bistan da gaur egungo gure gazteen hizkuntza ohituretan zer eragin daukaten teknologia berriek eta ditugun ikus-entzunezko produktu arrotz horiek. Horren inguruan foro bat sortu da, gurasoen eskariz, eta denbora daramagu horrekin. Kulturartekotasuna ere lantzen ari gara, euskara kanpotik datozenentzat ere integratzeko tresna aproposa eta aberatsa delako. Horrek jarraipena behar du, behar bezala landu behar da. Guk balio jakin batzuk defendatzen ditugu; eta lehen esan dut, gobernantza eredu ireki bat, gure nortasuna ezaugarritzen duten gauzen inguruan herritarrekin elkarlana. Uste dut erakundeok hori egin beharra daukagula, eta guk defendatzen ditugun balioen zutabea da eragileekin eta herritarrekin ahalik eta elkarlanik estuena izatea. Adibide asko daude, baina berriki pasatu dira santakutzak, eta oso interesgarria eta eskertzekoa iruditu zait, gurasoen ekimenez eta balio jakin batzuen arabera, umeen danborradan gauza batzuk aldatzea. Hori da klabea: gaur egun logikoenak diren balioen arabera eguneratzen joatea gure tradizioak. Herri txikia izateak baditu abantailak eta desabantailak, eta abantailetako bat da gehienak ezagutzen garela, nahiz eta gu herri konplikatua izan eta auzoetan ere beren bizimodu sistema eduki. Auzoak aipatu ditudala, beste gako bat da ere auzoekin oreka bat lantzea; ez da erraza izaten, auzoen artean ere desberdintasunak daudelako eta herrigune nagusi bat ere badaukagulako, baina klabea da Zestoan, nahiz eta herri konplikatua eta garestia izan, auzoei ere daukaten pisuaren araberako garrantzia ematea.

Nola ikusten dituzu udal hauteskundeak? Zer esperantzarekin zaudete?

Duela lau urte herritarrek euren konfiantza eman ziguten eta lau urteko mandatua bete dugu guk. Gauza batzuk egin ditugu eta egindakoarekin gustura gaude. Jakina, dena ondo egiten duen amaren alaba eta semerik ez da, baina herritarrei beste lau urterako konfiantza eskatzera gatoz, egindakoari jarraipena emateko. Herritarren ordua da. Kritikoa izan naiteke demokrazia ordezkatzailearekin, demokrazia parte hartzailearen aldekoa naiz, baina hauteskunde batzuk dauzkagu hor, eta guk sentsazio onak ditugu. Umiltasun guztiarekin; garaipenetan umil eta galeretan harro da gurea. Zain egongo gara, herritarrei konfiantza eskatzera goaz, eta kasu honetan, herritarrek daukate azken hitza.