2023ko udal eta foru hauteskundeak

Zestoari "bultzada berri bat" eman nahi dio EAJk

Andoni Elduaien 2023ko mai. 20a, 08:56

Garikoitz Mendizabal EAJren alkategaiak herrian "ziklo politiko berri bat" ireki behar dela azpimarratu zuen atzo, Laranjadi plazan egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian. Alderdiko zenbait ordezkarik eta hautagaik lagunduta aritu zen hura herritarren aurrean. Besteak beste, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren Batzar Nagusietarako Deba-Urolako zerrendaburua eta Joseba Agirretxea Espainiako Kongresuko diputatua ere Zestoan izan ziren izan zituen alboan.

Zestoako EAJk 2023-2027 agintaldirako lan ildo nagusiak aurkeztu zituen atzo, ostirala, Zestoako Laranjadi plazan egin zuten hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusian. Garikoitz Mendizabal alkategaiarekin batera parte hartu zuten ekitaldian zenbait alderdikidek eta herritarrek. Horien artean izan ziren, besteak beste, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren Batzar Nagusietarako Deba-Urolako zerrendaburua, Joseba Agirretxea Espainiako Kongresuko diputatua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta EAJren Azkoitiko, Azpeitiko eta Zumaiako alkategaiak. 

Alderdi jeltzalearen alkategaiak herrian "ziklo politiko berri bat" irekitzeko beharra azpimarratu zuen, "udalean politika egiteko modu irekiago, eraikitzaileago, zintzoago eta apalago bat" garatuko duena. Halaber, "EH Bilduk gauzatu gabe dituen proiektuei nahiz egitasmoei bultzada" emango ziela adierazi zuen hark. "Badugu lantalde sendo bat eta badugu epe motzeko nahiz luzeko bide-orri landu bat. Zestoan bi aukera baino ez daude: aurrera egitea edo atzera. Botoa oso garrantzitsua da; asko dago jokoan, eta abstentzioak desorekatu dezake balantza norabide batera edo bestera. Dei egiten diegu herritarrei, beraien botoa eraginkorra ez dela uste duten herritarrei, EAJrengan konfiantza izan dezaten", azaldu zuen Mendizabalek.

Azken lau urteotan "Udal Gobernuak erakutsitako itxurakeria, harrokeria, inprobisazioa eta koherentzia falta" salatu zituen Mendizabalek, eta horren ondoriotzat jo zituen "udal barneko gatazka", "langileekin giro txarra", Euskalitekin egindako lanketa "ezerezean" gelditu izana edota 2019an agindutako "proiektu gehienak gauzatu ez" izana. "Gu saiatu gara oposizio eraikitzailea egiten, eta gure proposamen batzuk aurrera eramatea lortu dugu, horien artean Zubimusu aisialdi gune izatea". Dena den, Zubimusuko proiektua "beste modu batera" gauzatu nahi dutela nabarmendu zuen atzo alkategaiak. Horrez gain, irisgarritasun eta mugikortasun plana, edo herritarren app-a nabarmendu zituen Mendizabalek. Hala eta guztiz ere balantzea ez da "inolaz ere ona alkategaiarentzat.

Mendizabalek esan zuen EH Bildurena "sinesgarritasunik gabeko gobernua" izan dela. "2018an, alkatea oposizio burua zela, kiroldegia izango zenaren eztabaida batean aurpegiratu zigun kiroldegiaren aurretik herriak beste lehentasun batzuk zituela, esaterako, kultur azpiegitura egokiak. Azken agintaldi honetan, berriz, alkate izanda, Kultur Etxe berriari buruzko aurreneko batzar tekniko-politikoan esan zigun lehentasunak aldatu zaizkiola, eta kiroldegian estalki berria jartzea eta eguzki plaken bidez energia berriztagarrien inguruko proiektua egin nahi duela. Non dago koherentzia?", galdetu zuen. Mendizabalek "konformatzen ez den herria" nahi du; "aurrera egingo duena, garbia eta argia" aldarrikatu zuen.

Egitasmoan, hamar puntu

Hitzartzea amaitu aurretik, Mendizabalek jakinarazi zuen 2023-2027 agintaldirako osatu duten egitasmoak "hamar puntu nagusi" dituela. Hark adierazitakoaren arabera, lehentasunen artean daude "auzo bakoitzak bere aurrekontu propioa edukitzea, garbitasuna indartzea, Zubimusu osatzea, Zestoa-Zumaia-Azpeitia bide berdeari ekitea, egungo Kultur Etxean balio anitzeko espazio berria irekitzea, musikarako, dantzarako edo antzerkirako aretoarekin eta aparkaleku publiko batekin". Halaber, energia trantsizioari "aurre egin beharra" ere nabarmendu zuen alkategaiak. Horri lotuta, Osinbeltz harrobian eguzki plakak jartzeko EAJk egindako proposamenaz zera adierazi zuen: "Lanketa egiten ari gara Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendaritzarekin, eta baikorrak gara".

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako osatu duten lantaldea ere aurkeztu zuten atzoko ekitaldian. Mendizabalentzat "konpromisoa, umiltasuna eta eskarmentua" dira taldearen ezaugarri nagusiak. "Herria ezagutzen dugu, herria maite dugu, eta ikuspegi zabala nahiz anitza dugu dauden beharren inguruan: bai erdigunekoak, bai auzoetakoak. Herrigintzan edota udalgintzan aritutakoak gara guztiak, elkarlanean eta auzolanean sinesten dugu, eta hainbat esparrutako profesionalek osatzen dute taldea".

Balore komunitarioak

Agirretxeak eta Arrizabalagak ere hartu zuten atzo hitza, eta haiek EH Bilduri zuzendu ziren, bereziki. Hauteskundeetan "jokoan bi eredu, bi ibilbide" daudela adierazi zuen Batzar Nagusietarako Deba-Urolako zerrendaburuak: bat, EAJrena, eta bestea, EH Bildurena. "Biak ere ibilbide luzeak eta ezagunak. Biak ere, baloratu daitezkeenak. Guk gure ibilbidea aldarrikatzen dugu. Aldiz, EH Bildu berea ezkutatu ezinik dabil, jendeari mozal mentala ezarri nahian. Ezkutatu nahi dute beraien ibilbidea, ahaztu arazi aldundian agindu zutela. Gure ibilbidea eraikitzailea izan delako eta beraiena, beti kontra egindakoa".

Agirretxeak, azkenik, hauteskundeen garrantzia azpimarratu zuen. Diputatuaren ustez, "funtsezko" gaietako bat da egungo gizarte eta kudeaketa ereduari eustea, haren iritziz EAJk instituzioetatik "arrakastaz" garatu duena, alegia. Horren harira, Agirretxeak azaldu zuen EAJren planteamendu soziala hiru zutabe bereizezinetan oinarritzen dela: "Baliabideak sortzea, baliabideen kudeaketa eta baliabideak behar bezala bideratzea. Ez diezagutela sinestarazi bereizi egin daitezkeela; gizarte-politika jakin batean gastua handituko dela esatea oso ondo geratzen da, baina, horretarako, baliabideak nondik etorriko diren jakin behar dugu. Hori ez egitea arduragabea da", adierazi zuen.