Inbertsore talde batek Osinbeltzen berriztagarrien proiektua "abiatzeko interesa" azaldu duela dio Zestoako EAJk

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 22a, 10:26
Zestoako Osinbeltz harrobia, artxiboko irudi batean. (Nerea Uranga)

Jeltzaleek ez dute xehetasun gehiago eman inbertsoreen gainean. "Zuhurtziaz jokatu behar badugu ere, albiste ona da herriarentzat", adierazi du Garikoitz Mendizabal alkategaiak.

"Datozen egunetan espero dut zerbait konkretua jakitea", zioen Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJren alkategaiak, bere alderdiak joan den urtarrilean Osinbeltz harrobirako aurkeztutako asmoaz, datorren igandeko udal hauteskundeen atarian Urola Kostako Hitzari emandako elkarrizketan. Joan den ostiraleko hauteskunde kanpainako ekitaldian ere ildo beretik hitz egin zuen Mendizabalek. Eta atzo gauean, ohar bidez, inbertsore talde batek Osinbeltzen berriztagarrien proiektua "abiatzeko interesa" azaldu duela jakinarazi zuen Zestoako EAJk.

"Zuhurtziaz jokatu behar badugu ere, albiste ona da herriarentzat", Mendizabalen iritziz. "Zestoarentzat energia garbia sortuko lukeen instalazio bat ahalbidetuke luke honek, aspaldian abandonatuta dagoen espazio hau herritarren ongizatearen zerbitzura erabiliaz. Bere garaian egin genuen urratsak fruituak eman ditzake, eta guk lanean jarraituko dugu aukera hori gauzatzeko zestoar guztien mesedetan".

Jeltzaleek ez dute xehetasun gehiago eman inbertsoreen gainean, baina Mendizabalen esanetan, "hainbat onura ikusten dizkiote proiektuari, egingarria izateko". Urtarrilean Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko [EEE] zuzendari nagusiarekin egin zuten agerraldian harrobi zenaren eremurako azaldutako asmoak berritu ditu EAJren alkategaiak. EEEk "proiektuaren bideragarritasun tenikoa eta ekonomikoa aztertzeko, eta ahalik eta erantzun azkarrena emateko konpromisoa" agertu zuela ere gogora ekarri du EAJren alkategaiak. Erakunde horren erantzunaren zain, "aurreragoko azterketek eta kudeaketek informazio gehiago emango digute, baina oraingoz baikorrak izateko aukera dugu", dio Mendizabalek, "interesa piztu duelako" proiektuak, eta "Jaurlaritzaren Energia zuzendaritzarekin lanketa egiten" ari direla aurreratu du. Zestoako EAJk Osinbeltzerako aurreikusitakoa gauzatzeko "formula bat baino gehiago" daude, jeltzaleen alkategaiaren aburuz: "Formula mistoa da bat, inbertsoreak lortutako energiaren zati bat udalari prezio onean saltzea, horrek herritarrei eta eraikinetara bideratzeko. Jaurlaritza ere sartu daiteke kapitalean, eta herriko energia komunitatea ere parte izan daiteke. Zehaztasunak zehaztasun, gure ustez lankidetza publiko-pribatutik heltzea da egokiena, inbertsoreen interesa eta interes orokorra uztargarri eginez".

Zestoa "erreferente gisa mapan kokatuko" lukeen egitasmoa da Osinbeltzerako dutena, EAJkoen esanetan: "Europako herrialde aurreratuetan, Alemanian esaterako, gisa horretako irtenbidea ematea aztertzen ari dira abandonatutako meategi irekiei. Proiektu aitzindaria izango litzateke Euskadin eta Estatu mailan".