Arroabeko III. Argazki Rallyko argazki gustukoenaren alde botoa eman dezakete herritarrek

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 23a, 10:01
Arroabeko Udaberriko III. Argazki Rallyko parte hartzaileak. (Utzitakoa)

Herri bozketarena da antolatzaileek  banatuko dituzten bederatzi sarietako bat. Interneten jarri dute argazki gustukoenen alde egiteko aukera, eta maiatzaren 28ra arte bozka daiteke.

Bederatzi sari banatuko ditu Ezkaizto auzo elkarteak joan den maiatzaren 14an egin zen Arroabeko Udaberriko III. Argazki Rallyko parte hartzaileen artean. Horietako bat da Arroabeko herri bozketarena, eta sari hori ebazteko bozketa martxan da dagoeneko Interneten.

Hain zuzen ere, arroarrek datorren igandera arte, maiatzak 28 –hura barne–, dute Internet bidez argazki gustukoenen alde botoa emateko aukera. Esteka honetan jarri dituzte lehiaketara aurketutako argazki guztiak, eta herritarrek gustukoak dituztenak aukera ditzakete bertan. Bozketa itxitakoan boto gehien jaso dituen argazkiarentzat izango da aurtengo Arroabeko herri bozketaren saria.

Maiatzaren 29an jakinaraziko dituzte antolatzaileek rallyaren emaitzak, eta ekainaren 2an egingo dute sari banaketa ekitaldia, 19:00etan.