2023ko udal eta foru hauteskundeak

"Proiektu sinesgarri, bideragarri eta jasangarrien alde" lerratzera deitu du Zestoako EH Bilduk

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 25a, 11:06

Zestoako EH Bilduk atzo egin zuen datozen lau urteetarako programa aurkezteko ekitaldia. Zaintza komunitariorako proiektua, Kultur Etxearen birmoldaketa, etxebizitza sozialak sustatzea, Osinbeltz eremuan aisialdirako nahiz eskaladarako eremua egitea eta Energia Bulegoa irekitzea dira EH Bilduren erronka nagusienetako batzuk. Auzoak ere izango dituzte lehentasun. Hainbat dira koalizioak EAJren programarekin dituen desadostasunak. Mikel Arregi EH Bilduren Zestoako alkategaiak "konfiantza" eskatu die herritarrei. 

Ezohiko formatuan egin du Zestoako EH Bilduk maiatzaren 28ko hauteskunde kanpainako azken ekitaldia. Koalizioak batzar formatuan aurkeztu zizkien herritarrei datozen lau urteetarako programa, lan lerroak eta erronkak. Programa aurkezteko batzar ekitaldia hurbilekoa izan zen, xumea, baina ez funtsik gabekoa; izan ere, labur bezain argi azaldu zituzten zein diren Zestoako EH Bilduren lehentasunak eta helburuak datozen lau urteetarako. Azalpenak eman ostean, herritarren iritziak entzuteko eta jasotzeko tartea ere hartu zuten EH Bilduko zerrendakideek. 

Datorren agintaldirako proposamenaren berri eman aurretik, amaitzear den agintaldian "martxan jarritako proiektuetan sakontzeko eta berriak martxan jartzeko garaia" dela adierazi zuen Mikel Arregi Zestoako EH Bilduren alkategaiak: "Zestoak aurrera egin du, eta norabidea indartzeko herritarrei beste mandatu baterako konfiantza eske gatoz". 

Zaintza, etxebizitza, kultura eta ingurumena 

Zaintza komunitariorako proiektua, Kultur Etxearen birmoldaketa, alokairurako etxebizitza sozialak sustatzea, Osinbeltz eremuan aisialdirako nahiz eskaladarako eremua egitea, energia kontsumoa murriztea eta Energia Bulegoa irekitzea dira EH Bilduren erronka nagusienetako batzuk. Auzoetako bizilagunekin harremana eta Arroabeko hiri-garapena ere badira koalizioaren lehentasunetako batzuk. "Gure ibilbideak eta proiektuek pertsonak dituzte erdigunean eta horretan jarraitzeko asmoa dugu aurrerantzean ere", adieraziz hasi zituen azalpenak Mikel Arregi alkategaiak.

  • Zaintza komunitarioa

"Hautatu gabeko bakardadean, baliabide gutxirekin edo hurbileko seniderik gabe aurkitzen diren adineko herritarrak artatu eta zainduko dituen herria" eraiki nahi du EH Bilduk, eta hori eraikitzen ari direla azaldu zuen Arregik. Bide horretan, azken hilabeteetan hainbat pauso eman dituztela azaldu zuen egungo alkateak. 

  • Etxebizitzak

Etxebizitzekin "arazoa" dagoela uste du Zestoako EH Bilduk, eta horri aterabidea emateko urratsak egin nahi dituzte hurrengo agintaldian, besteak beste, alokairu sozialerako etxebizitzak sustatuz. Horretarako, hainbat etxe eraiki nahi dituztela aurreratu du koalizioak, Correoseko eraikina zegoen eremuan –gaur egun esku publikoetan dago eraikina– eta "epe motzean" eskuratzea espero duten Kale Okerreko eremuan. "Etxebizitzarekin dugun arazoari behar bezala heldu nahi diogu datorren agintaldian, gure herriko gazteek bertan bizitzeko aukera izango duten Zestoa bat nahi dugulako", azaldu zuten atzoko aurkezpenean. 

  • Kultur Etxea

"Zestoa biziberritzeko kultur eta musika jarduerek duten garrantziaz jakitun", Zestoako EH Bilduk Kultur Etxea "birmoldatzea" proposatu du, gaur egun dagoen eraikina aprobetxatuta. "Guk egindako azterketen arabera, besteak beste, bertako antzokia handitu eta biltzen diren harmailak jarrita, 150 lagunentzako aforoa lor genezake, eta harmailak bilduta erabilera anitzeko areto diafanoa edukiko genuke", adierazi zuten atzo. Era berean, koalizioak uste du, birmoldaketak eginda "posible" dela Kultur Etxeko gainerako jarduerak ere "baldintza hobeagotan" egitea".

Kultur Etxearen gaiak arrabotsa sortu du Zestoan, eta EH Bilduren eta EAJren proiektuak ez datoz bat. EH Bilduk ez du "inolaz ere" bideragarri ikusten jeltzaleek proposatutako proiektua –eraikina bota eta berria eraikitzea proposatzen du EAJk– , eta horren arrazoiak azaldu zituzten atzoko agerraldian: "Zestoako Udalak une honetan ez du neurri horretako inbertsio bati aurre egiteko gihar ekonomikorik, beti ere zorpetze-maila onartezin batean sartuta eta udalerrian ditugun beste beharrak alde batera utzita ez bada; txosten tekniko guztiek adierazi bezala eta kiroldegiko gimnasioa egin zenean ikusi zen bezala, Kultur Etxeko zorupea geologikoki oso berezia da eta kiroldegiko zimentazioa eta abarrak kontutan hartuta, halako obra batek arazo tekniko izugarriak izango lituzke. Eta, azpiko aparkalekuen jabetzarekin sortuko litzatekeen arazoaz gain, egun Kultur Etxean egiten diren jarduera guztiak epe luzerako baldintzatuta geratuko lirateke". Gaur egun Kultur Etxean daude musika eskola, euskaltegia, taberna, Gaztetxea... 

  • Osinbeltz eremua eta energiaren auzia

Zestoako EH Bilduren programako beste lan lerroetako bat da Osinbeltzeko eremua. Atzoko aurkezpenean aurreratu zutenez, koalizioaren helburua da Osinbeltzen aisialdirako eskaladarako eremu bat egokitzea. Horretarako, "eskalada munduan dabiltzan hainbat herritarrekin harremanetan" daudela azaldu du EH Bilduk: "Hogei urte eta gero, Osinbeltz harrobiaren lehengoratzeari legealdi honetan ekin diogu. Azken euriteekin arazo batzuk agertu diren arren, gune horren erabilerari begira, eskalada munduan dabiltzan hainbat herritarrekin harremanetan gaude, eta gure asmoa aisialdirako eskaladarako eremu bat egokitzea da". 

Kultur Etxearekin nola, Osinbeltz eremurako EAJk egin duen proposamenarekin desados agertu da EH Bildu, eta aipatu du ez dela "sinesgarria". "Berriro azpimarratu nahi dugu, EAJk bere programaren erdigunean jarri duen zentral fotoboltaikoen egitasmoa, ustezko inbertsore talde baten eskutik letorkeena, ez dela sinesgarria. Batetik, udaletik 2021ean eskatu genuelako harrobian eguzki-plakak jartzearen inguruko balorazio teknikoa, eta orduan desegokitzat jo zelako; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen berriztagarrien LPSan ere, harrobia ez delako eguzki-energiarako leku egokitzat jotzen", azaldu zuen Arregik atzo. Era berean, gaineratu zuen "eremuaren %80an eguzki plakak jartzea debekatuta" legokeela, eta gainerako eremuak "egokitasun ertaina" duela nabarmendu zuen.

Energiaren arloan, "kontsumoa murrizteari" eman nahi dio "garrantzia" EH Bilduk. Horretarako Energia Bulegoa jarri nahi dute martxan, "herritarrei aholkularitza emateko, kontsumoa efizienteagoa egiteko eta kontratatutako potentziak herritarren beharretara hobeto doitzeko". Horrek "aurrezpen esanguratsuak" ekarriko lituzkeela uste du EH Bilduk, "bai energiari eta baita diruari dagokionez ere". Energia sorkuntzari dagokionez, "autokontsumo komunitarioari" emango diote lehentasuna, eta horretarako plana badutela azaldu zuten programa aurkezpenean. "Udalerriko teilatu guztien azterketa egingo dugu, eguzki-plaka bidez sortu daiteken energia-kopurua estimatzeko, eta, bide horri eta autokontsumo komunitarioari emango diogu lehentasuna. Eraikin publikoetakoa egina dugu, eta teilatu guztiak baliatuko bagenitu Zestoak kontsumo domestikoaren zati handi bat bertan ekoizteko ahalmena izango luke", azaldu zuen Arregik.

Bi ereduren arteko erabakia

Maiatzaren 28an zestoarrek "bi ereduren artean" hautatu beharko dutela adierazi zuen Arregik, eta, zentzu horretan, "pertsonak erdigunean izango dituen proiektu sinesgarri, bideragarri eta jasangarrien alde" lerratzeko deia egin zien herritarrei: "Pertsonak erdigunean dituzten proiektu sinesgarri, bideragarri eta jasangarrien alde egin nahi baduzu, emaiguzu zure konfiantza, emaiguzu zure botoa", esan zuen Arregik ekitaldia amaitzean.