Ekainaren 1ean irekiko dute Zestoako ikasgela berria

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 25a, 15:54
Idiazpi auzoko lokala egokitu eta ikasgela jarri du udalak. (Zestoako Udala)

Astelehenetik igandera egongo da erabilgarri Idiazpin egokitu duten ikasgela berria. Erabiltzaileek udaltzainen bulegoan eskatu beharko dute giltza. 

Zestoako Udalak ikasgela berria egokitu du Idiazpi auzoko lokal batean, eta datorren ostegunetik aurrera erabilgarri egongo da. Udalak jakinarazi duenez, Idiazpi auzoko 5. zenbakiaren eta 3. zenbakiaren artean dago ikasgela berriko sarrera, hain zuzen, dantza taldearen lokalaren ondoan. 

Udalak jakinarazi duenez, "herritar guztientzat" egongo da erabilgarri ikasgela, baina hainbat erabilera arau zehaztu dituzte. Astelehenetik ostiralera eta larunbat goizetan giltza udaltzainen bulegoan egongo da eskuragarri. Giltza hartzen duten erabiltzaileen erregistroa egingo da, eta, horrenbestez, ikasgela erabili ondoren, giltza udaletxean utzi beharko da. Larunbat arratsaldeetan edo igandeetan ere erabilgarri egongo da ikasgela, baina kasu horietan erabiltzaileek larunbat eguerdian hartu beharko dute giltza Udaltzaingotik, eta astelehen goizean itzuli beharko da.