2023ko udal eta foru hauteskundeak

EH Bilduk bi zinegotzi gehiago izango ditu Zestoako Udalean

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 28a, 22:13
2023ko udal hauteskundeen Zestoako emaitzen grafikoa.

Gehiengo osoa berretsita, zortzi hautetsi izango ditu koalizioak, eta hiru EAJk. Mikel Arregi izango da berriro alkatea. Abstentzioak 11 puntu egin du gora 2019ko hauteskundeekiko.

EH Bilduk orain arte zuen gehiengo osoa indartuta irabazi ditu 2023ko udal hauteskundeak Zestoan, eta Mikel Arregi izango da berriro alkatea. 1.060 boto jaso ditu koalizioak gaur, botoen %64,13, 2019an baino 23 gutxiago. Hala ere, duela lau urte baino alde zabalagoa atera dio bigarren indarrari, EAJri: 496 boto lortu ditu alderdi jeltzaleak (%29,82), 2019an baino 297 gutxiago. PSE-EEk 38 boto lortu ditu (%2,30), eta ez du ordezkaririk izango.

Abstentzioa ere nabarmentzekoa izan da Zestoan: 11 puntu egin du gora 2019arekiko. 2.768 herritar zeuden botoa ematera deituta, eta horietatik 1.684k parte hartu dute gaurko hauteskunde egunean, %60,84k. Abstentzioa %40ra inguratu da (%39,16koa izan da). 62 boto zuri eta 31 baliogabe zenbatu dituzte hautesmahaietan.

Horrenbestez, EH Bilduk zortzi zinegotzi izango ditu datorren agintaldian Zestoako Udalean, orain artekoan baino bi gehiago; aldiz, bost zinegotzi izatetik hiru izatera igaroko da EAJ. Mikel Arregirekin batera, Lorea Ilundain, Zigor Plazaola, Beatriz Zubia, Aitor Ossa, Iñaki Odriozola, Jone Exposito eta Nerea Goikoetxea dira Udalbatzan eserlekua lortu duten EH Bilduren hautagaiak; EAJren ordezkariak, berriz, Garikoitz Mendizabal, Montse Atxega eta Eva Mangas izango dira.

2019an ere EH Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak Zestoan, botoen %55,36rekin (1.083 boto); EAJ izan zen bigarren indar bozkatuena, (%40,54, 793 botorekin); eta PSE-EEk 32 boto jaso zituen (%1,84). Emaitza horiekin, bukatu berri den agintaldian sei zinegotzi izan ditu EH Bilduk, eta bost EAJk.

"Herritarrei ezin diegu hutsik egin"

Mikel Arregik bigarrengoz jasoko du aginte makila datorren ekainaren 17an, 2023-2027 udal agintaldiko kargu hartze udalbatzarrean. EH Bilduren zerrendaburuak pozik eta eskertuta hitz egin du Urola Kostako Hitzarekin, gaurko udal hauteskundeen emaitzak jakin ondoren.

Pozik agertu da Arregi, EH Bilduk Zestoan "emaitza oso onak" lortu dituelako. "Herritarren konfiantza eskertu beharrean gaude, nola ez. Era berean, konfiantza horrek berekin dakarren erantzukizuna azpimarratu nahi dut. Boto emaileen babesa jaso dugu, eta orain babes horri erantzutea dagokigu. Herritarrei ezin diegu hutsik egin", adierazi du berriro Zestoako alkate izango denak.

Abstentzioaz galdetuta, "eskualdean handienetakoa" Zestoan izan dela ekarri du gogora. Hala ere, boto gutxi batzuk galdu arren, duela lau urteko emaitzen parekoak lortu ditu gaur EH Bilduk, "portzentualki, boto gehiago". Hauteskundeak horrelako aldearekin irabazterik ez zutela espero ere aitortu du Arregik: "Egia esan, ez genuen espero zortzi zinegotzira iristea, zinegotzien banaketa orain arteko sei-bost [EH Bilduk sei, EAJk bost] izango zela uste genuen".