Giro ederrean egin dute GKSren Gazte Jaialdia Zestoan

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 29a, 12:14

Osasun mentalaren inguruko hitzaldia, bazkaria, pilota partida, poteo musikatua eta kontzertuak egin zituzten egunean zehar Zentroko gaztetxean nahiz frontoi zaharrean.

Zestoako Gazte Koordinadora Sozialistako kideek Gazte Jaialdia ospatu zuten larunbatean. Askotariko ekintzak egin zituzten egunean zehar, eta giro ederrean igaro zuten eguna. Eguerdian, Gazteak eta osasun mentala hitzaldia izan zen Zentroko gaztetxe berrian. Ondoren, bazkaria egin zuten han bertan. Arratsaldean pilota partida jokatu zuten Mirandak eta Aramendik Zunzunegiren eta Armendarizen aurka frontoi zaharrean, eta festa giro ederra sortu zen partidak iraun zuen bitartean. Amaiera, Gaztetxea zentrora! zihoen pankartarekin argazkia atera zuten. Poteo musikatuarekin eta Costmix eta DJ Davilaren musikarekin amaitu zuten egitaraua gaztetxe berrian. Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan zela salatu dute Zestoako GKSko kideek. 

(Argazkiak: Zestoako GKS)