Bertako hostoen eta hazien bildumagilea

Maialen Etxaniz (Gipuzkoako Hitza) 2023ko aza. 4a, 10:00
Kepa Zabalegi zestoarra. (Maialen Etxaniz)

Urola Kostako herrietan ehun hosto desberdin baino gehiago bildu ditu Kepa Zabalegi zestoarrak. Biologian, geologian eta entomologian aritutakoa da, eta askotariko bildumak egin ditu. Natura aztertzea du pasio, eta horretan dihardu gaur egun.

Naturazale sutsua da Kepa Zabalegi (Zestoa, 1943), eta, erretiratuta dagoen arren, ez da geldirik egotekoa. Askotariko bildumak egin ditu urteotan, eta azken hilabeteetan bildutako hostoen sorta osatu du orain. Ehundik gora hosto desberdin bildu ditu Urola Kostako herrietan, eta horiek guztiak txukun jaso eta dokumentatu ditu. Hostoak ez ezik, zuhaitzen haziak eta fruituak ere jaso ditu zestoarrak.

Zabalegik 45 urte daramatza natura aztertzen, eta hainbat arlo jorratu izan ditu. "Natura aztertzea zaletasuna da niretzat. Aurrena, perretxikoen arloan ibili nintzen; ondoren, tximeletetan. Gehienbat intsektuen mundua aztertu dut, eta oraindik badut zeregina arlo horretan". Zarauzko itsas biologia ikertzen ere aritu zen. "Erakusketa bat ere osatu genuen, eta Zarauzko eskoletarako hosto bildumak ere egin nituen. Geologian ere aritua naiz. Ez naiz sekula geldirik egon".

Bildumazalea izanik, senideei ondarearen zati bat utzi nahi izan die zestoarrak, eta eskualdeko zuhaitz hostoen sorta bat egitea otu zitzaion, bilobei oparitzeko. "Adinean aurrera noanez, nire sei bilobei kolekzioa egin nahi izan nien. Ni batere gabe gelditu nintzenez, berriz biltzen hastea erabaki nuen iaz. Horretan aritu nintzen joan den urtean", kontatu du. Iaz hasi zen Urolako zuhaitzen hostoak jasotzen, eta 165 hosto desberdin bildu ditu denera. Hostoekin nahikoa ez, eta iazko udazkenean haziak jasotzen hasi zen. "Ehun hazi inguru bildu ditut guztira. Horiek lortzea zailagoa da", aitortu du.

Zabalegiren hostoen bilduma. (Maialen Etxaniz)

Herri askotan hosto bila

Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Zestoan, Getarian eta Zarautzen ibili da Zabalegi bilduma osatzeko lanean, eta herri horietan identifikatutako zuhaitzen hostoek osatzen dute kolekzioa. Askotarikoak dira. Horietako batzuk dira zume negartia, Himalaiako zuhandorra, gurbitza, kanabera, ahuntz sahatsa, lezka arrunta, izei gorria, banbua, magnolia lili-lorea, magnolia lore-handia, insignis pinua, olibondoa eta pinu gorria.

Bildumagilearen lana da jasotakoak txukun gordetzea eta dokumentatzea; Zabalegik bere kasa egin du hori guztia, nahiz eta ingurukoek ere beren alea jarri duten. "Emaztearekin joaten naiz hostoak biltzera. Goizean esnatu, kafea hartu, eta inguruko herrietara joaten gara. Ingurua aztertzea da garrantzitsuena, eta ondoren jasotakoak etxera eraman eta horiek txukun jasotzea", azaldu du. Egunkarien artean jasotzen ditu hostoak, eta horiei gainean pisua jartzen die, "ondo estal daitezen eta ustel ez daitezen". Ondoren, zuhaitzen eta hostoen inguruko informazioa biltzen du Zabalegik. "Maketarekin eta diseinuarekin ingurukoek lagundu didate. Gipuzkoako Entomologia Elkarteko presidentea da anaia, eta, elkarteak aldizkariak ateratzen dituenez, hark inprimatu ditu hostoen fitxak". Hartutako lanaz jabetuta, bilduma erakusgai jartzea otu zitzaion zestoarrari. Joan den astean, esaterako, egindakoa ikusgai jarri zuen Zestoako Alondero aretoan. Ez du baztertzen, aukera sortuz gero, beste herri batzuetan ere jartzea erakusketa.

Bildumagile zestoarra kezkatuta dago naturaren egoeraz, eta ingurunea zaintzeak eta ezagutzeak duen garrantzia aldarrikatu nahi izan du herrian jarri duen erakusketarekin. "Espero dut natura ikusteko, naturaz ikasteko eta natura maitatzeko balioko duela bildumak; izan ere, jendea kontzientziatzea ere bada erakusketaren helburua, beharrezkoa baita gure ingurua eta natura zaintzea. Etorkizuna dago jokoan", nabarmendu du.

Aurrera begira, bildumagintzan eta naturaren azterketan jarraitu nahiko luke Zabalegik: "Proiektu asko ditut buruan. Sendabelarrak, loreak, lorerik gabeko landareak… Bide asko daude irekita, baina ezin jakin zein hartuko dudan".

(Artikulu hau Gipuzkoako Hitza astekarian argitaratu da).