Musikarien zaindariaren egunaren aurreko asteburura aurreratu du aurten Santa Zezilia kontzertua Zestoako Musika Bandak. Atzo iluntzean zuten hitzordua, eta atzo Zestoan kinta bazkarien eguna zela jakitun, kalean suma zitekeen festa giroarekin bat egiten zuen errepertorioa prestatu dute aurten bandakoek Santa Zeziliaren omenezko emanaldirako.
Min hartuta dagoen Kepa Martinez Albenizen tokia hartuta, Beñat Etxabek zuzendu zuen atzo banda. Haren gidaritzapean, Guns and Roses, Bryan Adams, One Direction, Carlos Vives, A-ha, Bruno Mars, Katy Perry edota Bon Joviren kantu ezagunen moldaketak eskaini zituzten musikariek, udaletxe azpia bete zuten entzuleen gozamenerako.