Zestoako Udalak eta Biolurrek agroekologia eta elikadura burujabetza sustatzea hitzartu dute

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 22a, 12:46
Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Miriam Arrizabalaga Biolurreko presidentea, hitzarmena sinatzen. (Zestoako Udala)

Besteak beste, elkartea Iraetako Amillubi baserriko lurretan gauzatzera doan proiektuari diru ekarpena egiteko konpromisoa hartu du udalak sinatu berri duten hitzarmenarekin.

Agroekologia eta elikadura burujabetza bultzatzeko helburu nagusiarekin, lankidetza hitzarmena sinatu berri dute Zestoako Udalak eta Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak.

Udalak jakinarazi ditu bi aldeek zer konpromiso hartu dituzten hitzarmen hori sinatzerakoan. Zestoako Udala sare agroekologikoaren kide gisa aitortuta, informazio trukaketa edota aurrera begirako proiektuak elkarlanean egiteko konpromisoa hartu du Biolurrek; udalak, bere aldetik, konpromisoa hartu du Biolurrek egin duen lanari aitortza egiteko eta etorkizunean ere lankidetza horretan hartu-emanetan jarraitzeko.

Lankidetza hitzarmenaren barruan toki garrantzitsua du Biolurrek, beste eragile batzuekin elkarlanean, Iraetako Amillubi baserriko lurretan gauzatu nahi duen proiektuak. Udalak proiektu babesteko eta diruz laguntzako konpromisoa hartu du hitzarmenarekin; eta Biolurrek, horrekin lotuta, Zestoan urtero elikadura burujabetzaren edo agroekologiaren bueltan ekintzak antolatzeko konpromisoa hartu du.