Jon Maiarekin solasaldia antolatu du Euskara Foroak, Abenduaren 3aren atariko

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 27a, 17:31
Jon Maia. (Elkar)

Euskal Herria B izena jarri diote bihar, asteartea, Alonderon izango den hitzaldiari, Maiaren Kantu berri bat gara disko-liburuko izen bereko kantuari erreferentzia eginez.

Larunbatean, abenduak 3, Euskararen Eguna izango da, eta data esanguratsu horren atariko solasaldia antolatu du Zestoako Euskara Foroak biharko.

Jon Maia gonbidatu dute Euskal Herria B izenarekin egingo duten saiorako, Maiaren beraren Kantu berri bat gara disko-liburuko izen bereko kantuari erreferentzia eginez. Euskal kantu zein kondaira zaharretan agertzen ez den "beste Euskal Herri bat" badela kontatzen du Zumaiako artistak kantu horretan, eta gai hori aitzakiatzat eta abiapuntu hartu nahi izan du solasaldirako Euskara Foroak, kulturartekotasunaren ildotik.

Alonderoko udal aretoan jarri dute biharko hitzordua, 19:00etan.