Askotariko ekintzak egingo dituzte Zestoako Gaztetxean datozen asteetan

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 22a, 15:23
'Miseriaren adarrak' bertso ikuskizuna, Zestoako Gaztetxe berrian. (ZGA)

Apostasiaren aurkako kanpainarekin jarraituko dute datozen egunetan; Zoroperitako ohiko ekintzak ere egingo dituzte. Horiez gain, manta eta erropa bilketa nahiz banaketa, monologoak eta elkartasun jaialdia antolatu dituzte gazte asanbladako kideek. Abenduaren 24an, gainera, elkarretaratzea egingo dute Salerosketaren eta diruaren Elizari, apostasia lelopean. Era berean, ikasgela irekiko dute Gaztetxean. 

Zestoako Gazte Asanbladako kideek borrokan jarraitzen dute, Zentroko gaztetxe berriaren defentsan. Edukiz eta ekimenez betetzen ari dira duela ia urtebete okupatu zuten eraikina. Hori dela eta, Gabonetako egunetarako nahiz urtarrilerako askotariko jarduerak antolatu dituzte.

Gaurtik hasita eta hilaren 24ra bitarte, esaterako, apostasiaren kanpainara batzeko postua jarriko dute Erdikalean, 19:00etatik aurrera. Abenduaren 24an elkarretaratzea egingo dute Elizak gaztetxe berria desalojatu nahi duela seinalatzeko. 19:30ean hasiko da protesta, eta Salerosketaren eta diruaren Elizari, apostasia lelopean elkartuko dira. Hilaren 25ean mus txapelketa eta bingoa egingo dituzte, eta abenduaren 26an Zoroperi eguna ospatuko dute, ohiko ekintzekin. Besteak beste, baba jana egingo dute Gaztetxean, eta gauean DJak izango dira han bertan. Abenduraren 28an manta eta erropa bilketa egingo dute, horiek guztiak hilaren 29an banatzeko. 

Urtarrilean jarraituko dute ekintzekin. Urtarrilaren bakarrizketa saioa antolatu dute, eta monologo bana eskainiko dute Maria Blanco zestoarrak, Julen Portillo zarauztarrak eta Aimar Sorasuk. 

Urtarrilaren 27an, gaztetxeak irekita jarraitzekotan, elkartasun jaialdia egingo dute, balizko desalojoari aurre egiteko dirua biltzeko. 

Gaztetxeko ikasgela, irekita

Zentroari erabilera emateko asmoz eta ikasleen beharrei erantzunez, ikasgela atondu dute gaztetxean. Hori dela eta, abenduko eta urtarrileko azterketak prestatu nahi dituzten herritarrek hara bertaratzeko aukera izango dute honako ordutegi honetan: 

  • Abenduak 23: 10:00-13:00
  • Abenduak 28: 10:00-13:00/16:00-20:00
  • Abenduak 29: 10:00-13:00/16:00-20:00
  • Urtarrilak 2: 10:00-13:00/16:00-20:00
  • Urtarrilak 3: 10:00-13:00/16:00-20:00
  • Urtarrilak 4: 10:00-13:00/16:00-20:00
  • Urtarrilak 5: 10:00-13:00

Honako hau da antolatu duten egitaraua, osorik: 

  • Abenduak 22, 23 eta 24:
    Apostasiaren kanpainara batzeko postua, Erdikalean, 19:00etatik aurrera. 
  • Abenduak 24: 
    19:30ean, elkarretaratzea, Salerosketaren eta diruaren Elizari, apostasia lelopean. 
  • Abenduak 25: 18:00etan, mus txapelketa eta bingoa. 
  • Abenduak 26: 
    Soroperi eguneko egitaraua. 
  • Abenduak 28: 
    Manta eta erropa bilketa, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 
  • Abenduak 29:
    Manta eta erropa banaketa, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 
  • Abenduak 29, 30 eta 31:
    Apostasiaren kanpainara batzeko postua, Erdikalean, 19:00etatik aurrera. 
  • Urtarrilak 3: 
    Monologoak, 18:00etan hasita: Maria Blanco, Julen Portillo eta Aimar Sorasu. 
  • Urtarrilak 27: 
    Elkartasun jaialdia.