69 zestoar lehiatuko dira aurtengo Kobaz Koba Trailen

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 9a, 15:32
Antolatzaileak, laguntzaileak eta boluntarioak gaur udaletxeko areto nagusian, Kobaz Kobaren aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Gaur aurkeztu dute Zestoan kirola eta ondarea uztartzen dituen kirol probaren zortzigarren edizioa; otsailaren 18an, hurrengo igandean, egingo dute. 624 dortsal banatu dituzte aurten, Zaldei (26 km) eta Artzei (15 km) ibilbideetako lasterketen artean banatuta.

Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren zortzigarren edizioa gaur aurkeztu dute Zestoako udaletxean. Otsailaren 18an, hurrengo igandean, izango da kirola eta ondarea uztartzen dituen lasterketaren aurtengo hitzordua. 624 korrikalari elkartuko dira egun horretan Zestoan, batzuk lasterketaren ibilbide luzea –Zaldei izenekoa, 26 kilometrokoa– eta besteak ibilbide laburrena –Artzei, 15 kilometrokoa– egiteko.

Urtero legez, Zestoako plazatik irten eta Zestoako plazan bukatuko dute lasterketa bi probetako parte hartzaileek; ibilbide luzean izena eman duten lasterkariak 09:00etan abiatuko dira plazatik, eta 09:45ean irtengo dira Artzei probako lehiakideak. Lasterketa amaitzen dutenean, korrikalariei hamaiketakoa eskainiko diete kiroldegiko gunean, eta kiroldegian bertan izango dituzte kirolariek dutxak eskura. Sari banaketa ekitaldia plazan egingo dute, 13:45ean.

Ekainberri kudeatzen duen Arazik eta Agiro mendi klubak antolatu dute aurten ere Kobaz Koba, Zestoako Udalaren laguntzarekin, eta hiru erakundeetako ordezkariek aurkeztu dituzte gaur eguerdian aurtengo edizioaren xehetasunak; Juanjo Aranburuk (Arazi), Mikel Irurek (Agiro) eta Mikel Arregi alkateak hartu dute hitza aurkezpenean, eta ondoan izan dituzte otsailaren 18an dena ondo atera dadin lanean ariko diren dozenaka boluntarioetako batzuk.

Urola Kostakoak nagusi

Aranburuk xehetu ditu aurtengoaren datu eta zenbaki nagusiak. Joan den azaroaren 29an, izen ematea ireki eta ordu eta erdira agortu ziren dortsalak. "Pena handiz", aurten ere mugatu egin behar izan dute parte hartzea. Guztira 624 dortsal banatu dituzte lasterketaren bi probetarako, eta horietatik 133 emakumeentzat izan dira. Beraz, iaz baino bederatzi emakume gehiago ariko dira aurten Kobaz Koba Trailen; "urtez urte goraka" doa emakumeen parte hartzea, eta horrek "pozez betetzen" ditu antolatzaileak. Aurkezpenean nabarmendu duten beste kopurua –"handia", biztanleak kontuan hartuta– Zestoako parte hartzaileena izan da. 69 dira otsailaren 18ko probetan parte hartuko duten zestoarrak, 2023an baino 17 gehiago; 53k Artzei proba egingo dute eta 16k Zaldei proba; herriko hemezortzi emakume irtengo dira, eta horietatik bakarrak eman du izena proba luzean.

Parte hartzaileen jatorriarekin jarraituz, gehien-gehienak euskal herritarrak izango dira aurten ere, eta gehienak Urola Kosta eskualdekoak: Zestoako 69ez gain, Azpeitiko 89, Zumaiako 64, Azkoitiko 60, Zarauzko 44, Orioko hamabi eta Aizarnazabaleko sei kirolari lehiatuko dira Kobaz Kobaren bi probetan.

Ibilbidean aldaketa txikia

Zestoako ondaren arkeologiko aberatsaren bueltan prestatuta daude Kobaz Koba Trailen bi proben ibilbideak. Nagusiki ibilbide bera mantentzen da urtetik urtera, baina jabetza pribatuko lur sailetan barrena ibiltzen direnez, aldaketa txikiak egin beharrean izaten dira sarri antolatzaileak. Aurten ere "aldaketa txiki" horietako bat izango du ibilbideak, Irurek azaldu duenez: Aizarnan, Katre baserria zegoen tokitik igaroko da aurten ibilbidea; "kilometroetan apenas alderik ez" du eragingo desbideratzeak, Agirokoaren esanetan.

Bai Irurek, bai Arregik, lasterketa egin ahal izateko beren lurretan pasabidea uzten duten baserritarrak goraipatu dituzte; haien "eskuzabaltasuna" gabe lasterketa antolatzerik ez luketela izango adierazi dute, eta kirolariei zein ikusleei ingurunea zantzeko dei egin diete.

Kobaz Koba Trailek "kirolaz harago" Zestoa eta bertako historiaurreko ondarea ezagutaratzeko duen balioa ere aipatu du alkateak. Lasterketaren egunean "giro berezia" sortzen dela esan du, eta Kobaz Kobarena herriarentzat egun seinalatua bihurtu dela gaineratu du.