San Telmo kalea eta Larretxo auzunea lotzen dituen igogailu berria martxan da Zumaian

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 19a, 13:22

Bizilagunek gaur goizean estreinatu ahal izan dute azpiegitura berria. Zumaiako Udalak 295.500 euro bideratu ditu obra egitera, eta sei hilabete iraun dute lanek.

Sei hilabeteko lanen ondoren, zumaiarrek gaur goizean estreinatu ahal izan dute San Telmo kalea eta Larretxo auzoa lotzen dituen igogailu berria.

Zumaiako Udalak ohar bidez azaldu duenez, 295.500 euro kostatu dira lanak, eta igogailua egiteaz gain, igogailuaren goiko aldeko gunea ere hiritartu egin du udalak. Inguruko espaloiak zabaldu ditu, eta Larretxo auzuneko 7. eta 13. atarien arteko ur hornidura sarea ere berritu egin du.

Igogailu berriak "bizilagun askoren egunerokotasuna erraztuko du, eta urrats garrantzitsua da Larretxoko oinezkoentzako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzen jarraitzeko", esan du udalak. Eta gaineratu du Larretxo auzunearen "irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko lan" egingo duela.

Itzurunbideko igogailuaz

Iñaki Ostolaza alkateak, berriz, adierazi du eremua hobetzeko bestelako lanak egitea dutela buruan: "Besteak beste, plaza berdearen bi ertzetan malda irisgarriak eginez igogailua eta Larretxoko plataforma laua elkar daitezkeen ere aztertzen ari gara, azterketa horren emaitzaren arabera lan horiek egiteko". 

Bestalde, Itzurunbideko igogailuari dagokionez, ideia-lehiaketa irabazi duen enpresarekin bildu, eta alternatiba egokiena bilatzeko lanketan murgilduta daudela azaldu du udalak. Udazkenean zehar emango dituzte bigarren igogailu horren inguruko xehetasunak.

Argazkiak: Zumaiako Udala.