Ordenantza fiskalen %1,5eko igoera orokorra onartu du udaleko plenoak

Juan Luis Romatet 2022ko ira. 30a, 14:45

Proposamenak udal gobernua osatzen duten zinegotzien aldeko botoa jaso zuen, eta EAJko eta PSE-EEko zinegotziak kontra bozkatu zuten.

2023rako zergen eta tasen proposamena aztertu zuten ostegun arratsaldeko iraileko ohiko plenoan. Udal gobernuak aurkeztutako proposamenak bere zinegotzien aldeko botoa bakarrik lortu zuen (zortzi boto); EAJk (lau boto) eta PSE-EEk (bat), berriz, ez zuten proposamena babestu eta kontrako botoa eman zuten. 

Arantxa Gajate zinegotziak eman zuen proposamenaren berri. Gogoratu zuen agintaldiko lehen bi urteetan, 2019an eta 2020an, zergak eta tasak izoztu egin zirela, eta iaz, 2022ra begira, "egoera bere onera etortzen ari zen horretan", % 1,5eko igoera aplikatu zela. "Aurtengo egoerari helduta, argi dugu KPIaren igoerak –% 10 ingurukoa gaur egun– udalari nabarmen eragingo diola. Kontratatuta ditugun zerbitzu asko garestituko zaizkigu. Horrez gain, aurreikusten diren hainbat inbertsio ere garestituko diara. Hori dena kontutan hartuta, eta Zumaiako Udalaren egoera ekonomiko onak babestuta, familiek eta udalak asumitzeko moduko proposamena egiten dugu: % 1,5eko igoera orokorra, salbuespen batzuekin". Salbuespen bezala, gizarte zerbitzuetako tasak bere horretan uztea proposatzen dutela azaldu zuen Gajatek.

Hobarien berri ere eman zuen zinegotziak. Hala, aipatu zuen familia ugarientzako hobariak egokituko dituztela, "errenta baxuko familiak lehenetsiz. Energia berriztagarrien inguruan, berriz, hobari aukera berriak eskainiko ditugu".

Energia aprobetxamendu sistemak dituzten herritarrei hobaria % 40tik % 30era jaitsiko dute. "Aurreko urteetako aldaketaren ondorioz, bestelako energia berriztagarrien sistemara zabaldu delako, hobari eskaera kopurua asko handitu" direla adierazi zuen Gajatek. 

Familia ugariei zuzendutako hobarien taula berrantolatu dutela ere gaineratu zuen, "errenta baxuak lehenetsiz, eta 80.000 euroko errentak dituztenak kanpoan utziz". Musika Eskolako kuotetan ere familiek hobariak eskatzeko aukera izango dutela ere aipatu zuen. "Musika Eskolako, udazaintza zerbitzuko, zein udaleku guztietako kasuan, progresibitate printzipioa aplikatuko da. Errentaren arabera, %90koa izango da hobaria".

Horrez gain, aurreko urteetan kirol edota bestelako udalekuetan, Ludotekan, edo udazaintzan gertatzen zen bezala, Errenta eta Gizarteko Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituzten onuradunek % 100eko hobaria izango dute Musika Eskolako eta Musika udalekuetako tasetan".

Ura eta terrazak

Uraren tasari dagokionez, zinegotziak azaldu zuen Ur Kontsortzioak uraren prezioa % 4,7 igoko dio udalari, "mantenimendua eta kudeaketa zerbitzua % 4,4 eta kanona % 3,17". Herritarrei, baina, ez diete oso-osorik aplikatu: "lehenengo bi tramoei % 3 aplikatu ziei, eta % 4,5 gainontzekoei". 

Terrazen kasuan, "establezimendutik kanpora gelditzen diren moduluak ahalik eta txukunen jasota uztea bultzatuz", 48,72 euro kobratuko da metro koadroko. 

Tasak izozteko eskaera

EAJk zein PSE-EEk ezezko botoa eman zioten udal gobernuaren proposamenari. Iker Mardaras EAJko zinegotziak adierazi zuen izandako batzordeetan defendatu dutela zergak eta tasak izoztea. "Guretzat garrantzitsua da herritarrei keinu bat egitea. Ez dugu ulertzen tasak eta zergak igotzea izoztearen ordez, udalaren egoera ekonomikoa aproposa da neurri hori hartzeko. Sarrera propioak egonkorrak dira, goranzko joera dute, gainera, eta diru bilketaren arazorik ez dago". Herritarrek duten presio fiskala ikusita, jeltzaleek ez dute arazorik ikusten tasak eta zergak izozteko. 

Bestalde, nabarmendu zuen Mardarasek uraren tasa %1,5 baino gehiago igoko dela, eta terrazen okupazio tasa ere hirukoiztu egin dutela. "Hori neurriz kanpo dago". 

Hobariak zabaltzea ondo ikusi du EAJk, baina aplikatutako progresibitatean erdiko tramoan kokatzen diren familiak ahaztu dituztela kritikatu zuen. "Beheko tramoa hobetu da, baina erdikoa kaltetu. Herriko parte handi bat erdiko tramoan kokatzen da, eta erabaki horrek inpaktoa eragingo du".

PSE-EEko Arritxu Marañonek ere ezezko botoa aurreratu zuen. "Inflazioak eta egoera ekonomikoak herritar guztiei eragin die, eta uste dugu zergak eta tasak izoztu beharko zirela, beharrezkoak direnak kenduta. Udal kontuak saneatuta daude, eta modu bat izango litzateke herritarrak laguntzeko".