Eider Mendoza izango da EAJren ahaldungaia Gipuzkoan

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 25a, 20:16

Azpeitian jaiotakoa da Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaur egungo bozeramailea. 2023ko foru hauteskundeetarako barrutiz barrutiko hautagaien zerrendak ere jakinarazi dituzte jeltzaleek: Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarra, Amaia Etxeberria azpeitiarra, Irune Urbieta eta Jon Andoni Urdangarin zarauztarrak, Aitor Urresti getariarra eta Arantxa Zubizarreta azkoitiarra daude Deba-Urolako zerrendan.

Eider Mendoza izango da EAJren Gipuzkoako ahaldungaia datorren udaberriko udal eta foru hauteskundeetan. Alderdi jeltzaleak gaur jakinarazi du Mendozaren hautagaitza proposatuko diela Gipuzko Buru Batzarrak lurraldeko alderdikideei.

1974. urtean Azpeitian jaiotakoa, 4 urte zituenetik Hondarribian bizi da Mendoza. 27 urte zituela Eusko Legebiltzarrean sartu zen EAJren ordezkari gisa; 2001etik 2011ra izan zuen legebiltzarkide kargua. 2011n iritsi zen Gipuzkoako Batzar Nagusietara; lehen agintaldian oposizioko kide izan ondoren, 2015ean erakunde horretako presidente izendatu zuten, jeltzaleek urte hartako foru hauteskundeak irabazita. 2019tik gaurdaino, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeraimaile eta Gobernantza diputatu kargua bete du.

Eskualdeko sei, Batzar Nagusietarako hautagaitzan

Ahaldun nagusi izateko hautagaiaren berri ematearekin bat, Batzar Nagusietarako presidente izareko hautagaia –Xabier Ezeizabarrena– eta foru hauteskundeetarako hautesbarruti bakoitzean proposatu dituen hautagaiak ere jakinarazi ditu gaur EAJk.

Dena-Urola hautesbarrutian 11 hautagai proposatu ditu alderdi jeltzaleak, eta horietako sei eskualdekoak dira: Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarra, Amaia Etxeberria azpeitiarra, Irune Urbieta eta Jon Andoni Urdangarin zarauztarrak, Aitor Urresti getariarra eta Arantxa Zubizarreta azkoitiarra. EAJk alderdiak proposatutako hautagaien izenak publiko egin ditu, baina hautagaitzan zer postu izango duten zehaztu gabe.