Torreagan 206 etxebizitza eraikitzeko arau subsidiarioak aho batez onartu ditu Zumaiako Udalbatzak

Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 28a, 15:37

Etxebizitza guztien ia erdiak, 102, libreak izango dira, 52 babes ofizialekoak, eta beste 52, tasatuak. 2023 amaieran edo 2024 hasieran hasiko dituzte lanak.

Zumaian, Torreaga eremuan 206 etxebizitza egin ahal izateko azken urratsa eman zuten atzo iluntzean. Izan ere, Udalbatzak aho batez onartu zuen arau subsidiarioetan hori ahalbidetzeko aldaketak egitea.

Hala, udalaren aurreikuspenen arabera, datorren urte amaieran edo 2024ko hasieran hasiko dira etxeak eraikitzen, eta promozioa 2023ko udaberrian egitea espero du. Informazio bulegoa noiz zabalduko duten oraindik ez daki, eta nabarmendu du jakin bezain pronto egingo duela publiko datu hori ere.

Eraikiko dituzten etxebizitza guztietatik ia erdia libreak izango dira, 206tik 102, alegia. 52 etxebizitza babes ofizialekoak izango dira, eta beste horrenbeste, berriz, tasatuak.

Udalak azpimarratu du "prozesu luzea" izan dela administratiboki: "Hasiera batean Torreagan kokatutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak Puntanuetako eremura mugitu zituzten; prozesu hori bertan behera gelditu zen, eta gerora, Babes Ofizialeko Etxebizitzak hasierako lekura, Torreagako eremura, eramatea erabaki zuen Zumaiako Udalak 2018an. Proiektua aldatu izanak, Arau Subsidiarioaren aldaketa egitea ekarri du, Puntanueta eta Torreaga arteko lotura eteteko".

Arau subsidiarioak 2020ko uztaileko udalbatzarrean onartu zituzten behin-behinean, baina ondoren, "udalaz gaindiko bestelako administrazioen esku egon diren zenbait prozedura tarteko, orain iritsi da behin betiko onarpena".

Etxebizitzei buruzko xehetasunak

Iñaki Ostolaza alkateak atzoko udalbatzarra aprobetxatu zuen gaiari buruzko hainbat xehetasun emateko. Izan ere, udalak badaki herritarrengan interes handia sortzen duela etxebizitzen gaiak. 

Ostolazaren arabera, 206 etxebizitza horiek bost bloketan banatuta egongo dira, eta sei pisu eta atikoa izango dituzte guztiek; bajoa ere edukiko dute bloke guztiek.

Udalak, gainera, 1.500 metro koadroko lokala eskuratuko du Torreagako eremuan.