Eraikin zaharrak, eskaintza berriak

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 4a, 14:00

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten herriek bost milioi euroko laguntza jasoko dutela iragarri berri dute. Moilaberriko estazioa eta Algorri zentroa berritzeko erabiliko dute Zumaian.

Ezusteko iragarpena izan zen askorentzako. Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak hitza hartu zuen pasa den astean Zumaian egin zen Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak bere 60. urteurrena ospatzeko antolatu zuen kongresuaren irekiera ekitaldian, eta nazioartetik etorritako zientzialarien aurrean, baita Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten udalerrietako ordezkarien aurrean ere, iragarri zuen Espainiako Gobernuak bost milioi euroko dirulaguntza emango diela geoparkea osatzen duten hiru herriei –Debari, Mutrikuri eta Zumaiari–, deialdi honetan aurkeztu dituzten proiektu jasangarriak abian jartzeko.

Pozik agertu ziren hiru udalerrietako alkateak berria jakinda, eta hala onartu zuen Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak bi egun geroago, atzo zortzi egin zen urriko ohiko udalbatzarrean. Eguneko gaiak aztertzea amaitu zutenean, hitza hartu zuen denbora epe laburrean izandako bi dirulaguntzen jakinarazpenen berri emateko. Batetik, ia hiru milioi euro jasoko ditu Zumaiako Udalak Espainiako Gobernuak sortutako Next Generation programatik komentuaren eraberritze lanak finantzatzeko. Bestetik, Hurtado sailburuak egindako iragarpena ere gogoratu zuen Ostolazak, eta ustez jasoko den dirua Moilaberriko estazio zaharreko eta Algorri Interpretazio Zentroko lanak gauzatzeko erabiliko dituztela azaldu zuen.

"Hiru herrion artean, guztira, bederatzi milioi euroko proiektuak aurkeztu genituen Espainiako Gobernuaren deialdira, eta Javier Hurtado sailburuak azaldu zuenez, denera bost bat milioi euro emango dizkigute". Laguntzak jaso ahal izateko, deialdirako hiru gidalerro zehaztu direla azaldu zuen alkateak: "Efizientzia energetikoa, digitalizazioa eta mugikortasuna. Hiru gidalerro horien arteko oreka zaindu behar zuten proiektuak kontuan hartu ahal izateko". "Oreka" hitza erabili zuen alkateak jasoko den diruaren banaketa egiteko, eta hiru udalerrien arteko oreka gordeko dela espero duela esan zuen.

Zumaiatik bi proiektu handi aurkeztu zituzten Espainiako Gobernuaren deialdira: Moilaberriko tren estazio zaharra berritzea eta erabilpena aldatzea, batetik; eta Algorri Interpretazio Zentroa berritzea eta proiektu museistikoa aro berrietara moldatzea, bestetik. "Bi proiektuen aurrekontuak batzen baditugu, guztira bi milioi inguruko kostea izango dute. Laguntza horien bidez oso-osorik finantzatzen ez badira, oso hurbil egongo garela esango nuke. Bi proiektu garrantzitsu dira, biak ere ondo landutakoak", azpimarratu zuen Ostolazak. "Guztira, lauzpabost milioi euro jasoko ditugu aurretik aipatutako hiru proiektu horiek egiteko, eta uste dut badela harro egotekoa", txalotu zuen alkateak.

Estazio eta hiltegi zaharrak

Moilaberriko tren estazio zaharra gaur egun hutsik dago, baina orain mende inguru sekulako mugimendua izaten zen haren bueltan. Urolako trenaren azken geltokia zen, eta Urola bailarako enpresetan sortzen zituzten burdina eta altzairua trenez eramaten zituzten Zumaiako portura, eta handik, zamaontzien bidez munduko leku desberdinetara.

Denborarekin, portuko mugimendua apaldu egin zen lehenbizi, eta desagertu ondoren. Berdin gertatu zen trenarekin eta estazioarekin. Eraikina eraberritu eta Zumaiako osasun zentroa ere kokatu zuten bertan. Basadiko anbulatorioa zabaltzean, Moilaberriko estazioa erabilpenik gabe geratu zen, eta hala egon da azken urteotan.

Aurreko agintaldian Zumaiako Udalaren esku utzi zuen eraikina Eusko Jaurlaritzak. Algorri Interpretazio Zentroko eskaintza Moilaberriko eraikinera eramatea zen orduko Udal Gobernuaren ideia. 2019ko udal hauteskundeen ondoren aldaketa izan zen Zumaiako Udalean, eta EH Bilduk hartu zuen EAJren lekua. Udal Gobernu berriak bazuen proposamen bat estazio zaharrarentzako: gaur egun Kantauri plazan dagoen Turismo Bulegoa lekuz aldatzeaz gain, Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroak urte hauetan guztietan pilatu duen dokumentazioa erakustea estazioko goiko solairuan.

1912. urtean eraiki zuten hiltegian kokatzen da Algorri Interpretazio Zentroa, Juan Belmonte kalean. Abereak hiltzeko erabiltzen zuten tresneriak flyscharen ezagutzari eman zion lekukoa. Garai hartan aitzindaria zena –3Dko ikus-entzunezkoa ere erakusten zen–, denborarekin zaharkituta geratu da, eta laguntza erabiliko dute eraikina eta proiektua berritzeko.