Eroskik salaketa jarri du bere jabetzakoa den lokalean Etxape Zentro Sozialista zabaltzeagatik

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 9a, 19:37

Aita Mari auzuneko lokala erabiltzeko Eroskirekin hitz egin nahi dutela berretsi dute Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek. Ertzainek pertsona bat identifikatu eta auzolanerako materiala eraman dutela salatu du kontseiluak.

Ertzaintzako eta Zumaiako Udaltzaingoko dotazioak hurreratu dira gaur ere Aita Mari auzunean Urola Kostako Kontseilu Sozialistak zabaldu nahi duen Etxape Zentro Sozialistara. Kontseiluko kideek azaldu dutenez, lanean ari zen gazte bat identifikatu dute ertzainek, baita auzolanerako erabili behar zuten materiala eraman ere. Beti ere Kontseilu Sozialistaren arabera, lokalean sartzen diren bakoitzean agertuko direla esan diete ertzainek. 

Gaur jakin dutenez, Eroskik salaketa jarri die Aita Mariko lokal horretan Etxape Zentro Sozialista zabaldu nahi duten lagunei. Lokal horretan Eroskiren supermerkatu bat izan zen orain hogei urtera arte, eta denbora honetan hutsik egon bada ere, enpresaren jabetzakoa izaten jarraitzen du. 

Kontseilu Sozialistako kideen arabera, salaketak bere bidea jarraituko duela, baina, hala ere, Eroskirekin bildu nahian jarraitzen du mugimenduak irtenbide bat aurkitu eta gune horretan espazio sozialista bat kokatzeko. 

Prentsaurreko baten bidez azaldu zuen Urola Kostako Kontseilu Sozialistak lokal horretarako duen asmoa. Adierazi zutenez, "proletargoak antolakuntza gaitasuna irabazi eta klase independentzia ardatz duen estrategia politikoa hauspotzeko" asmoarekin zabaldu dute Etxape izeneko Zentro Sozialista.