2023ko udal eta foru hauteskundeak

Iñaki Ostolaza proposatu du EH Bilduren mahai politikoak alkategai izateko

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 18a, 18:21
2019tik da Iñaki Ostolaza Zumaiako alkate.

2023ko udaberrian egingo diren udal hauteskundeetarako Iñaki Ostolaza alkategai izatea proposatu du EH Bilduren mahai politikoak. Ostolaza bera prest agertu da koalizioaren zerrendaburu izateko.

2023an egingo diren udal hauteskundeetara begira motorrak berotzen hasiak dira alderdi politikoak. EH Bildu izan da hautagaia aurkezten lehena. Zumaiako EH Bilduren mahai politikoak gaur egun herriko alkate den Iñaki Ostolaza proposatu du koalizioaren zerrendaburu izateko hauteskunde izateko. Baleikeko komunitatean publikatutako artikulu batean azaldu dutenez, "lau urte hauetan gobernutik egindako lanak erakusten du bera dela lan horri jarraipena emateko hautagairik egokiena".

Zumaiako EH Bilduren esanetan, "lau urteotan Zumaia etorkizuneko erronkei begira jarri da, eta geldirik edo geldo zeuden eremu askotan beste martxa bat sartu dela nabarmena da". Energia, telekomunikazio, hezkuntza, zaintza edo elikadura arloetan marraztu diren bide berriak azpimarratu dituzte, baita ekipamendu batzuek izango dituzten eraberritzeak ere. "Lan guzti horiek hurrengo legealdian zehar jarraipena izan eta amaitzea litzateke Zumaiarrontzat onena", nabarmendu du. 

Agintaldi honetan Ostolazak erakutsitako "gertutasuna eta entzuteko gaitasuna" ere goraipatu du koalizioak, eta pandemia garaian "herritarrekin eta eragileekin elkarlanean egindako kudeaketa eredua" jarri dute adibide bezala. 

Komunitateko idatzian adierazten duenez, Ostolaza prest agertu da alkategai izateko, eta proposamena dagoeneko aurkeztu da formalki. Alkategai izateko beste hautagairik aurkeztu ezean, abendu hasieran koalizioko kideek berretsi beharko dute Ostolazaren hautagaitza.