Komentuko altzari batzuk herritarren esku utziko ditu Zumaiako Udalak

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 20a, 14:46

Komentua kulturgune bihurtzeko lanak abian dira. Eraikin zaharreko altzari batzuk zentro berrian erabiliko ez direnez, hauek herritarren esku uzteko erabakia hartu du udalak. 

Musika, dantza edota antzerkirako kulturgune bihurtuko da San Jose Komentua behin eraberritze lanak amaitzen direnean. Eraikin zaharreko altzari batzuk zentro berrira itzuliko dituzte; beste batzuk ez, ordea. Hori dela eta, behar ez diren altzari horiek guztiak herritarren esku utziko ditu udalak. 

Bankuak, belaunaulkiak, mahaiak eta bestelako altzariak dira emango dira. Altzari horietakoren bat eskuratu nahiko duten herritarrek mezua idatzi beharko dute kultura@zumaia.eus posta elektronikoko helbidera. Eskakizunak egiteko azken eguna azaroaren 25a, ostirala, izango da. Mezuan adierazi beharko da eskatzailearen izen-abizenak, altzariaren izena, eta kopurua.

Eskaera egiten duten guztien artean zozketa bidez banatuko dituzte objektuak. Udalak azaldu duenez, herritarrek lehentasuna izango dute banaketan. Altzariak zehaztutako leku, egun eta orduan jaso beharko dira.

Zer altzari diren, bakoitzeko zenbat dauden edota zer neurri dituzten jakiteko, hemen klik egin daiteke.