24,2 milioi euroko aurrekontua proposatuko du Zumaiako Udal Gobernuak, inoizko handiena

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 24a, 17:30
Ostolaza, Gajate eta Alberdi, eraitsiko duten Erkibeko hormaren parean. (Maria Maya Manterola)

Iñaki Ostolaza alkatearen hitzetan, “erronka handiei erantzuteko aurrekontua” da, eta Komentua eraberritzeko partidaz gain, Mariantongo parkea berritzea, Erkiben estalpea eraikitzeea nahiz auzoetako hobekuntzak jaso dituzten inbertsioen artean. 

Inoizko aurrekontu handiena proposatuko du Udal Gobernuak datorren asteko ohiko plenoan: 24,2 milioi eurokoa, hain zuzen. Horietatik udalaren aurrekontu propioari dagozkionak dira 23.531.253 euro, eta Kirol Patronatuari gainerakoa, 1.545.600 euro. 

Udal Gobernuak iragarritakoaren arabera, inbertsioen arloan egingo dute igoerarik handiena. Askotariko lanetara bideratuko dituzte 8,7 milioi euro, aurtengoarekin alderatuta, % 23 gehiago. Komentuko eraberritzeak izango du pisu handiena, 4 milioi bideratuko baitira lan horietara. Dena den, Udal Gobernuaren arabera, “aurrerapauso garrantzitsuak” emango dituzte energiaren arloan, hezkuntza eta kirol azpiegituretan eta auzoetan ere. 

Ildo soziala indartzea izango da datorren urteko zereginetako bat, Maider Alberdi zinegotziaren esanetan. Horretarako, bi partida berri txertatu dituzte: Prebentzio Mahaiaren barruan zaintzaren gaia lantzeko 18.150 euro, batetik; eta bazterketa sozialean dauden herritarren gizarteratzea lantzeko 20.000, bestetik. 

Ekonomia soziala eta kooperatiboa sustatzeko ekimenei bultzada emateko, gainera, 18.150 euroko partida jarriko du udalak. Hala, iaz martxan jarritako Zkoop proiektuari jarraipena eman, eta Hogarrean elkarlan gunea ezarri nahi dute. 

Arlo sozialean, nolanahi ere, berdintasunari lotutako proiektuetara bideratuko dute diru kopururik altuena. Izan ere, aurtengoarekin alderatuta, datorren urtean % 10 igoko dute partida, eta horrek Emakumeon* Etxea elkartearekin egindako hitzarmenean % 80ko igoera egitea ahalbidetuko du. Guztira, 45.000 euro jarriko ditu udalak. 

Aurrekontuetan partaidetzazko aurrekontuen prozesuak emandakoa ere txertatu dute, eta datorren urtean Paolean igerilekua egiteko azterketa egitea –18.150 euro– eta eraikin publikoetan eguzki plakak jartzea –75.000 euro– izango dira inbertsio nagusiak, Erkiben estalpea egin –125.000 euro– eta haur parkeetan hobekuntzak –35.000 euro– egiteaz gain.

Udal Gobernuak iragarri du, gainera, Erkiben estalpea egiteko proiektua osatuko duela, ingurua egokitu eta Beheko plazarekin bateratuta. Horregatik, 350.000 euro gehituko dizkio udalak Erkibeko 125.000 euroko partidari. 

Eraikin horren erabileraren inguruko hausnarketan murgilduta daudela ere esan dute Udal Gobernuko kideek, eta iragarri dute Erkibe eraberritu eta Azpeitiko Elkargunearen antzeko proiekturen bati lekua egin nahi diotela. Ostegunetako azoka birpentsatu eta indartu nahi dute, bestalde.

Kirola eta hezkuntza

Bestelako arloetan ere “buru belarri” lanean aritu direla nabarmendu du alkateak, tartean, kirolean eta hezkuntzan. Kirolari dagokionez, kiroldegia eraberritzeko proiektuaren idazketa egingo dute 2023an. Igerilekuari kaleak gehitzeaz gain, kiroldegia barrutik eta kanpotik berritu, eta efizientzia energetikoa hobetuko dituzte. Datorren urtean 250.000 euro erabiliko dituzte proiektua idazteko, eta hurrengoan, 2024an, 330.000 obra zuzendaritza zehazteko. 

Lubaki kiroldegiko pista konpontzeko, berriz, 145.200 euro erabiltzea aurreikusi dute. Ostolazak azaldu du “aspalditik datorren eskakizuna” dela, eta eskubaloi elkarteaz gain, eskolek ere erabiltzen dutela. Kirol federatuei ematen zaizkien dirulaguntzetan eta kirol jarduerak antolatzeko partidetan, gainera, igoerak egingo dituzte. Ostolazaren arabera, hamar urtetik gora zeramatzaten laguntza horiek izoztuta. 

Hezkuntzaren arloan, bestetik, Aita Marin haurreskola eta jangela berriak egiteko proiektura bideratuko dituzte 180.000 euro. Dena den, Mariantongo parke berriko lanetara bideratuko dute hezkuntzaren arloan diru kopururik altuena, 240.000 euro, hain zuzen ere. Haurren Kontseiluak egindako eskerak kontuan hartuta osatu dute proiektua, eta datorren urtean gauzatuko dute. Gainerako haur parkeak hobetzea ere aurreikusi dute 41.000 euroko partidarekin. Eskoletan ere inbertsioak egingo dituzte, esaterako, Sagarbideko eraikineko gimnasioko sabaia konpontzea. 

Auzoak, bide publikoak eta igogailua

Herriko auzoetan lehendik martxan dauden proiektuei jarraipena emateko asmoa agertu du Udal Gobernuak, eta horien artean dira San Jose kaleko etxebizitzetan igogailuak jarri ahal izateko berrurbanizazio lanak –556.000 euro– eta Estazio auzoko berrurbanizazioa –250.000 euro– ere. Estazioko lanak lizitaziora atera dira aurten, baina Ostolazaren arabera, ez da inor aurkeztu. Edonola ere, 2023an egin nahi dituzte lan horiek, bizilagunak aspalditik egin baitute eskaera. 

Larretxoko bigarren igogailua egiteko proiektua idaztea ere gehitu du Udal Gobernuak inbertsioen zerrendan. San Telmo eta Larretxo lotzen dituen igogailua egin eta gero, Itzurunbidean kokatuko dena egiteko pausoak hasiko ditu udalak. Bizilagunekin landu ondoren, 2023an behin betiko proiektua idaztea da asmoa, 44.286 euroko partidarekin. 

Obra datorren urte hasieran hastekoa da Juan Belmonte kaleko ur hornidura hobetzeko, eta lan horietara 396.341 euro bideratuko ditu udalak, bestetik. Gainerako bide publikoetan ere egingo dituzte hobekuntzak, “premia gehien dutenengandik hasita”, 225.000 euroko partidarekin. 

“Egoera ekonomiko ona”

Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak eman du udalaren egoera ekonomikoaren berri, eta haren hitzetan, “zenbaki potoloak” izan arren, oro har “ona” da egoera. “Azken urteetako kudeaketa onari esker”, dirulaguntzak lortu ditu udalak: Komentua eraberritzeko 2,7 milioi euro jaso ditu Espainiako Gobernutik, eta Moilaberrin Turismo Bulegoa ezeartzeko eta Algorri Interpretazio Zentroa berritzeko laguntza jasotzea ere aurreikusi dute. 

Foru Funtsetik 8,2 milioi euro jasoko ditu udalak, iaz baino gehiago, baina pertsonal gastu arrunten eta zerbitzuen eguneraketak sortutako gastuak direla eta, garestitzea baino txikiagoa izango da igoera, Gajateren hitzetan.

Aurrekontu proposamenaren defizita 7,3 milioi eurokoa da, baina Gajatek azpimarratu nahi izan du Udal Gobernuak ez duela mailegurik eskatu beharrik aurreikusten, eta defizita ez dela udalaren ohiko jarduera estaltzeko erabiliko, obrak finantzatzeko baizik. 

Alkatearen esanetan, datozen urteetan jasoko dira emaitzak. Izan ere, “etorkizuneko erronkei erantzuteko aurrekontuak” dira prestatu dituztenak.