San Juan adinekoen egoitzako langileek greba mugagabea hasiko dute abenduaren 12an

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 29a, 12:38
Margaret Manterola, Maider Bollain, Aintzane Orbegozo, Arritxu Arranz eta Sonia Cardenal, gaur, Donostian, ELAren egoitza nagusian. (Maria Maya Manterola)

"Muturreko erabakia" hartu behar izan dute. Beren hitzetan, larria da titularitate publikoa duen egoitza bateko langileak baldintza jasangaitzetan egotea. ELAren Donostiako egoitza nagusian eman dute prentsaurrekoa, eta greba mugagabea iragarri dute abenduaren 12tik.

Mobilizazioak gogortzea erabaki dute Zumaiako San Juan adinekoen egoitzako langileek. Abenduaren 12tik aurrera greba mugagabea hastea erabaki dute, hitzarmena berritu eta lan baldintza duinak lortze aldera. Izan ere, gaur Donostian prentsaurrean azaldutakoaren arabera, 2016koak dira azken soldata igoerak, eta "lehendik ere eskasak ziren soldata horiek" % 11ko eros ahalmena galdu dute. 

Soldataren izozteaz gain, garbitzaile gutxiago egotea, elikagaien kalitatearen okertzea eta, oro har, "ematen den zerbitzuaren kalitatearen okertzea" salatu dituzte langileek. 

Egoitzaren titularra Gipuzkoako Foru Aldundiko Kabia organismo autonomoa da, baina langileak azpikontratatutako Zaintzen S.A. enpresakoak dira, beren esanetan. Azaldu dute 2019 eta 2021 artean 2,7 milioi euroko irabaziak izan dituela enpresa horrek, eta akziodun nagusia Clece S.A. multinazionala dela. Finantzaketa publikoa baliatuz, ahalik eta diru gehien irabaztea da zaintzaren esparruan diharduen enpresa horren helburua, langileen ustez. "Hori langile emakumeon esplotazioa baliatuz lortzen dute, egoiliarrei eskaintzen zaien kalitatea okertzearekin batera", gaineratu dute. Izan ere, San Juan egoitzan lan egiten duten 50 langiletik ia denak dira emakumeak. 

Hitzarmenaren borrokan

"Muturreko erabakia" orain hartu arren, 262 greba egun eginak dituzte dagoeneko sektoreko hitzarmenaren borrokan. Eta hala jarraituko dute, egoera aldatu artean: "Maite Peña Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Politiketako arduradunak esaten duenean erresidentzietako gatazka konpondu dela, ez da egia. Diputazioa bera titularra den egoitza batean lan egiten duten langile horiek egoera jasangaitzean daude". 

Azken hilabeteotan enpresa bitan deitu du ELAk Precoren bitartez negoziaketari ekiteko, baina ez dira agertu, sindikatuaren arabera. Mezu argia igorri diete agintariei: "Diru publikoarekin negozioa egiteari utzi, genero arrakalak gainditzea eta pertsonak erdigunean jarriko dituen zaintza eredu bati heltzea. Horretarako, ezinbestekoa da hitzarmen duin bat lortzea San Juan egoitzan".