Zumaiara bizitzera etorri direnei zuzendutako gida eta ekitaldia prestatu ditu udalak

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 29a, 17:00
Maider Alberdi zinegotzia eta Karmele Gomez berdintasun teknikaria, eskuetan gidak dituztela. (Juan Luis Romatet)

Zumaiara bizitzera etorri edo etorkizun batean herriko bizilagun bihurtuko direnei zuzendutako Ongi etorri gida prestatu du Zumaiako Udalak. Horrekin lotuta, ongi etorri saioa egingo da abenduaren 13an udaletxean bertan. 

Handitzen doa pixkanaka zumaiarren kopurua. Herrian bertan jaioak batzuk, eskualdeko edo lurraldeko beste herriren batetik, edo itsasoz bestaldetik etorrita erroldatu direnak besteak. Azken hauei zuzendutako gida plazaratu berri du Zumaiako Udalak, eta horrekin batera aurten Zumaian erroldatu direnei zuzendutako ongi etorri ekitaldia egingo du abenduaren 13an.

Ongi etorri gida izena jarri diote argitalpen honi, eta munduko beste lekuren batetik Zumaiara etorritako pertsona horiei guztiei ongi etorria emateaz gain, herriko informazioa eskaintzea du helburu. "Informazio baliagarria eman nahi diegu gida honen bidez, baita goxotasun pixka bat ere. Zumaiara etortzen direnei erraztasuna ematea da asmoa, baita baliabideak eskaintzea ere", azaldu du Maider Alberdi berdintasun eta partehartze zinegotziak.

Bost hizkuntzatan eskuratu ahal izango dute gida hau: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz. "Horiek dira hizkuntza nagusienak, eta beste herri batzuekin kontsultatuta, herri haietan ere antzera egin dutela ikusi dugu".

Atal desberdinak ditu gidak. Batetik, Zumaiaren informazio orokorra eskaintzen da, baita bere kokapenaren inguruko datuak ere. Euskarari "zentralitatea" ematen saiatu direla ere azaldu dute goizeko prentsaurrekoan. "Euskara bertako hizkuntza dela esaten, eta hizkuntza ikasteko edo hobetzeko zer aukera dauden ere azaltzen da". Herriko izen bereziak jasotzen diren atalean ere euskarazko terminoak jaso dira gidan beste hizkuntzetakoekin batera.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko, hezkuntzako edota aisialdiko informazioa ere jasotzen du gida honek. Aipatutako zerbitzu horiek guztiak non dauden zehazten duen mapa txiki bat ere jasotzen du gidak. 

"Batez ere, erroldatu berri diren pertsonentzako prestatu dugu gida hau, baina edonork eskuratu ahal izango du", argitu du Alberdik. Printzipioz, udaletxeko harreran eskuratu ahal izango da.

Ekitaldia abenduan

Gidaren aurkezpenarekin lotuta, abenduaren 13an aurten Zumaian erroldatu diren pertsonei zuzendutako Ongi etorri ekitaldia egingo dela ere azaldu dute. Udaletxean egingo da ekitaldia, 17:30ean, eta ondoren irteera txiki bat egingo dute herrian zehar. 

Ekitaldi honetan parte hartuko dutenek aurrez izena eman beharko dute 943-86 50 25 (404 luzapena) telefonora deituta, edo berdintasuna@zumaia.eus helbide elektronikora idatzi. Izena emango duten lagunen arabera egokituko dute ekitaldia. 

Aurtengoa halako ekitaldi bat antolatuko duten lehen aldia dela azaldu dute goizeko prentsaurrekoan zehar, baina, berez, urtero egiteko asmoa dutela ere gaineratu dute. "Goxotasun hori emateaz gain, Zumaiara etorri direnekin elkar ezagutza ere sustatu nahi dugu".