Sormen beka, Ibane Astigarraga eta Esti Curielentzat

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 29a, 19:00
Gaur eman dute epaimahaiaren ebazpena. Irudian, Curiel eta Astigarraga, udaleko ordezkariekin batera. (Zumaiako Udala)

Zumaiako Udalak Astigarragaren eta Curielen sorkuntzak lagunduko ditu diruz. Julio Beobideren obra aitzakia hartuta, ipuin kontaketa eta ariketa sorta prestatuko ditu lehenak; itsasoarekin harremana izan duten emakumeen bizipenak bilduko dituen ikerketa bigarrenak.

Sei proiektu aurkeztu dituzte Zumaiako Udalaren sormenerako dirulaguntza deialdira, eta gaur eman dute ebazpena: Ibane Astigarragak eta Esti Curielek proposatutako lanak lagunduko dituzte, Kultura batzordeko hiru ordezkarik eta beste herrietako hiru kultur teknikarik osatutako epaimahaiak hala erabakita. Horiek banatutako puntuen arabera banatuko dituzte sorkuntzara bideratutako 5.000 euro. 

Astigarraga Artearen Historian graduatua da, eta Julio Beobideren inguruko ipuin kontaketa bat prestatuko du, Irene Iruretaren ilustrazioekin. Zumaiako haurrak zein gurasoak ondare kulturalera gerturatzearekin batera, sentsibilizazio artistikoa bultzatu eta ondarearen babesaren garrantzia nabarmendu nahi ditu Astigarragak. Ipuin kontaketarekin batera, hiru ariketa prestatuko ditu: lehenengoan Beobideren lana "betaurreko moreekin" aztertzea proposatuko du, bigarrenean haurren psikomotrizitatean eta gorputzarekiko harremanean sakonduko du, eta hirugarrenean, autoerretratu bat egitea proposatuko die haurrei.

Bestelakoa da Curielen proposamena. Antzerki obra bat sortzeko asmoa du aktoreak, eta obra horren abiapuntua izango den ikerketa garatuko du lehenbizi. Curieli bazkaloste batean sortu zitzaion ideia, Hegoafrikako itsasoan lan egiten zuen senarraren barkuan pasatako emazte baten bizipenen berri izan zuenean. Senarrak itsasoan lanean zituzten emakumeen bizipen eta esperientzien inguruko ikerketa izango da, beraz, lanaren oinarria, eta material guztia ikus-entzunezko formatuan bilduko du Curielek. Hortik abiatuko da gero antzerki obra sortzeko.

Sormenari bultzada

Sormen lanak babesteko helburuarekin sortu du udalak beka berri hau, eta artistaren irudimenetik eratorritako edozein obrari eman nahi izan diote balioa, literaturatik hasi eta arte plastikoetaraino. Datorren urteko deialdian, gainera, laguntza 8.000 eurora arte igotzea aurreikusi dute.