Lurraldebuseko autobusak ez dira Txomin Agirre kaian geratuko ostiralean

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 30a, 13:00
Lurraldebuseko autobus bat moila parean. (Juan Luis Romatet)

Moilako zorua konpontzen aritu da Portu Zuzendaritza azken asteotan. Etzi, ostiralez, autobusen geralekuko zatia asfaltatuko du eta horrek eragina izango du Lurraldebuseko autobusen zerbitzuan. 

Txomin Agirre kaiko zorua saneatzen eta konpontzen aritu da Portu Zuzendaritza azken asteotan. Kaltetuta zegoen zatietako bat Garoa taberna pareko autobus geralekuarena zen. Orain aste batzuk egin zituzten konpontze lanak eta etzi, ostiralez, asfaltatu egingo dute. 

Hori dela eta, Zumaia eta Donostia arteko zerbitzua eskaintzen duten Lurraldebuseko autobusek ez dute geldialdirik egingo moilako geralekuan, ezta Arranpla parean ere. Autobusak hartu nahi dituztenek Patxita Etxezarreta kaleko geralekura bertatarako beharko dute.

Horrekin batera, autobus geltokiaren eta Aita Mari zinemaren arteko aparkaleku batzuk ere ez dira erabilgarri egongo. Lanek irauten duten denboran txandakako trafikoa ezarriko dela iragarri du udalak.