LABek ez du San Juan Egoitzako langileen greba mugagabearekin bat egingo

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 30a, 16:16
San Juan Egoitza.

Abenduaren 12tik aurrera greba mugagabea hasiko dutela iragarri zuten San Juan Egoitzako langileek Donostian, ELA sindikatuaren egoitzean. Iragarpen horren aurrean iritzia eman du LAB sindikatuak eta greba mugagabearen planteamenduarekin bat ez datorrela azaldu du.

Lan hitzarmen propioa lortzeko mobilizazioak hasi dituzte San Juan Egoitzako langileek. Azaroaren 4an elkarretaratzea egin zuten Saregileen plazan ELA eta LAB sindikatuek egindako deialdi bateratuan. Orduan, mobilizazio gehiago abiatuko zituztela iragarri zuten sindikatuak. Hala, abenduaren 12tik aurrera greba mugagabea hasiko dutela iragarri zuen egoitzako langile talde batek ELA sindikatuak Donostian duen egoitzan, hitzarmena berritu eta lan baldintza duinak lortze aldera.

San Juan Egoitzako langileek pairatzen duten egoeraren aurrean, eta greba deialdiaren iragarpenaren ondoren, bere iritzia eman nahi izan du LAB sindikatuak. Ohar baten bidez gogoratu du urte zailak izaten ari direla helduen egoitzetako lnagileentzako. "Bost urtez luzatu den borroka ez da nahikoa izan sektoreko langile guztientzat  hitzarmena lortzeko, eta hori gutxi balitz San Juan Egoitzako langileoi ez zaigu UGT eta patronalaren zati batek gutxiengoan sinatu duen hitzarmena aplikatu", azaldu du. 

Greba deialdiaren aurrean, aukera hori baztertzen ez  badute ere, "greba mugagabean sartu aurretik beste zenbait pauso eman behar  direla iruditzen" zaiela azaldu du eta ez duela ELAk abenduaren 12an hasi behar duen greba mugagabearen planteamenduarekin bat egingo. 

"Grebaren planteamenduarekin bat egiten ez badugu ere, egoitzako lan baldintzak hobetzeko borroka gure egiten dugu, eta arazoari errotik heltzeko prest gaude. Beraz, egoerari buelta emateko gure ekarpena egitera konprometitzen gara", gaineratu du LAB sindikatuak.

Pasaiako helduen egoitzako langileekin kontaktuan daudela ere jakinarazi du LABek. San Juan Egoitza bezala, Pasaiakoa ere Zaintzenek kudeatzen du, eta sindikatu honen arabera "oso antzerako egoeran" daude.  "Helburu berdinak ditugunez, bertako langileekin elkarlanean gabiltza, indarrak batuta indartsuago garelako, eta errazago lortuko ditugulako  helburuak".