Sahararako kanpalekuetara doaz Darahliko bost kide ostiralean

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 1a, 10:36
Darahli elkarteko kooperanteak. (Darahli Elkartea)

Darahli elkarteko bost kooperante Tindudeko kanpalekuetara joango dira bihar, ostiralez. Astebeteko egonaldia egingo dute Zumaiarekin senidetuta dagoen Zug herrian. 

Bihar abiatuko dira Zumaiako Darahli elkarteko bost kooperante Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara, Tindoufera. Zumaiarekin senidetuta dagoen Zug herrian astebeteko egonaldia egingo dute Zumaiako bost lagun hauek. 

Saharar errefuxiatuekin egoteaz gain, beste eginkizun batzuk ere izango dituzte kooperanteek. Hala, familien arteko senidetza proiektuaren barruan, behar handia duten 30 familiari 100 euroko laguntza emango diete. Bestetik, ur deposituen proiektua aurrera eramango dute, eta 40 familiari ur depositu bana emango diete.

Oporrak Bakean programaren barruan, berriz, Zumaia eta inguruko herrietan egondako neska-mutilei bisita egingo diete, eta hemengo harrera familiek bidalitako opariak emango dizkiete. 

Datorren urteko apirilean Zumaiako 50 gazte joango dira Tindufeko kanpalekuetara Zumaiako Institutuak eta Zumaiena Ikastetxeak abiatutako Darahli programaren barruan. Bidaia horren barruan egingo dituzten proiektuak eta egingo duten plangintza ere zehaztuko dute astebeteko egonaldi honetan.