Aurtengo edizioa izango da azken Klarinete Maratoia, 20 urteko ibilbidearen ondoren

Maria Maya Manterola 2022ko abe. 5a, 13:00
Iazko Klarinete Maratoiko hasierako kontzertua, Zumaienako aretoan. (Baleike)

2002an sortu zen proiektua, eta adin guztietako klarinete jotzaile amateur zein profesionalen topagunea izan da urteotan guztiotan. Abenduaren 14tik 18ra egingo dute azken edizioa. 

Gabonen bezperatan klarinete maratoiaren bueltan antolatutako ekintzek hartuko dute Zumaia. Abenduaren 14tik 18ra izango da 21. edizioa, eta antolatzaileek iragarri dutenez, guztietan azkena. 

Ekimena 2002an sortu zen, eta ordutik, klarinete jotzaile amateur zein profesionalen topagunea izan da urtero-urtero. Denboraren poderioz, hitzordu bakar eta saihestezina izan da kultura arloan. 

Edizio hauetan guztietan, antolatzaileen arabera, 1.300 izen emate baino gehiago izan dira, eta horiei gehitu behar zaizkie irakasleen eta senideen babesa. Gainera, musika eskoletako ikasleek ikasketa profesionaletara jauzi egiteko aitzakia izan da, beren hitzetan. Izan ere, Klarinete Maratoitik igarotako zenbait ikasle bertako nahiz kanpoko kontserbatorio profesional eta gorenetan musika ikasketak egiten ari dira. Euskal Herriko parte hartzaileez gain, Zumaian izan dira Asturiasko, Santanderreko, Galiziako, Madrileko nahiz Herrialde Katalanetako musikariak ere. Orkestra Gazteetan aritu, eta batzuk saritu ere egin dituzte, gainera. Eta, musikariez gain, musikazaleek kontzertu bikainak izan dituzte urtero Zumaian. 

Antolatzaileen arabera, nabarmentzekoa da pandemia garaian egokitzen jakin eta dinamika berriak arakatu izana. Klarinetearen ikaskuntzaren oinarriei buruzko podcastak, Alexander Teknikaren saioeak eta musika-hezkuntzari buruzko online tertuliak, aipatu dituzte. Eta tertulia horien artean, lehen mailako hizlari gonbidatuak izan zituzten, Yehuda Gilad Estatu Batuetatik eta Paul Harris Erresuma Batutik, besteren artean. 

Hogei urtetako ibilbidea posible egin dutenei eskerrak eman, eta azken ediziora gonbidatu ditu ditu Sapere Aude Sinfoniettak herritar guztiak. Jakinarazi dute 60 izen emate baino gehiago daudela jada, eta informazio guztia beren webgunean topa daitekeela. 

Egitaraua

Abenduak 14, asteazkena
19:30.
Kafe musikala, Valentin Manterolaren estudioan.

Abenduak 15, osteguna
19:30. Agora kontzertua hainbat musika eskola eta kontserbatorioko ikasleen eskutik, Alondegiko Oxford aretoan.

Abenduak 16, ostirala
20:00.
Hungarian fire! ganbera musika kontzertu berezia, 20:00etan Alondegiko Oxford aretoan. 

Abenduak 17, larunbata
16:00. Klarinete laukoteen kontzertu lehiaketa, Zumaienako areto nagusian. 

Abenduak 18, igandea
12:00. Maratoiko ikasleen amaierako kontzertua, Zumaienako areto nagusian.