Zumaiako 500 ikasle inguruk parte hartuko dute Zumaia Ezagutzen programa didaktikoan 2022-2023 ikasturtean

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 6a, 17:48
Herritarrak kalean.

Zumaiako Udalak antolatu du Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat. Zumaiako Institutuko, Zumaiako Herri Eskolako, Zumaiena Ikastetxeko eta Oikiako Herri Eskolako ikasleek parte hartuko dute, eta Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin burutuko da.

Zumaia Ezagutzen programa didaktikoa prestatu du Zumaiako Udalak 2022-2023 ikasturterako, eta Arazi enpresako hezitzaileek lagunduko dute hori burutzen. Hain zuzen, Arazik prentsa oharrez jakinarazi du herriko 500 ikasle inguruk parte hartuko dutela programan: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat dira saioak, eta Zumaiako Institutuko, Zumaiako Herri Eskolako, Zumaiena Ikastetxeko eta Oikiako Herri Eskolako ikasleek egingo dituzte ekintzak.

Arazik zehaztu duenez, "herriko ezagutza bermatzeko helburuarekin", lau atal izango ditu programak, eta ikasturtean zehar Zumaiak bizi izan duen bilakaera aztertzeko hainbat ekintza egingo dituzte ikasmailaz ikasmaila, "ikasleen adinaren arabera egokitutako jarduerak bideratuz".

Mailaz maila, honako ekintzak egingo dituzte Zumaia Ezagutzen programan parte hartuko duten neska-mutilek:

  • LH 3. mailako ikasleek Argazki Rallya jarduera landuko dute. Unitate horren bitartez, Zumaiako azken ehun urteotako historia ezagutuko dute partaideek. Horretarako, taldeka bildu eta, herriko hainbat auzo eta txokotan ateratako argazki zahar eta berrietan oinarrituz, azken ehun urteotako historiaren zergatiak aztertuko dituzte. Unitatearen garapenean zehar, argazki berriak ateratzeaz gain, gune horien inguruko dokumentazioa aztertuko dute ikasleek.

  • LH 4. mailako ikasleek Denboraren Bila jarduera garatuko dute. Horri esker, ikasleek Zumaiako historian barrena bidaia egingo dute, Zumaiak hiri-gutuna eskuratu zuenetik gaurdaino, beti ere ingurumenarekiko ikuspegian oinarrituz eta Zumaian eman diren aldaketak aztertuz. Jarduera horri girotze saio baten bitartez emango diote hasiera ikasgelan. Bigarren elkargunea, ordea, Amaia plaza izango da, bertatik abiatuko baitute Zumaiako historian zehar taldeka burutuko duten bidaia.

  • DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek Zumaia eta Artea unitatea landuko dute. Jarduera horretan zehar, Zumaiako historiaren garapena ezagutu eta herriko eraikin esanguratsuenak aztertuko dituzte, haien testuinguruetan eta ezaugarrietan sakonduz. Horrenbestez, eraikin bakoitzaren sorreraren zergatia ezagutarazteaz gain, geroztik izandako erabileren inguruko hausnarketa bultzatuko da. Bestetik, arte garaikideari tartea zabaldu eta azken urteotako herriko hainbat artisten berri izango dute ikasleek.

  • DBHko 1 eta 2. mailako ikasleek Ontzigintza Zumaian unitatea ere landuko dute. Jarduera horretan, besteak beste, Zumaiako herrian aspalditik ontzigintzak izandako garrantzia, garai bakoitzarekin loturiko ezaugarriak eta egungo egoera aztertuko dute ikasleek.