Hemezortzi saltokik parte hartuko dute Gerturen Neguko azokan

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 7a, 12:00
Merkatariek berriro kalera aterako dituzte beraien postuak. (Juan Luis Romatet)

Neguko azoka antolatu du Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak. Datorren ostiralean eta larunbatean egingo da, eta elkarteak aurreratu duenez, hemezortzi saltokik parte hartuko dute. 

Hotzari aurre egin, eta Zumaiako saltoki batzuk kalera aterako dira datorren ostiralean eta larunbatean, hilaren 10ean eta 11n, Gertu Zumaiako merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako Neguko azokaren aitzakian. Goizez eta arratsaldez izango da azoka martxan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta saltoki bakoitzak bere establimenduaren aurrean jarriko ditu produktuak salgai. 

Guztira, hemezortzi saltokik eman dute izena azoka honetan parte hartzeko: Amalur, Spot, Ana Arropa, Olaizola, Sorginak, Idoiaren mertzeria, Txera, Kaïoa, Atalaia, Odriozola, Mandala, Ane Arribas, Gee Woman, Gee Man, Algorri taberna, Coro estetika zentroa, My movil Zumaia eta Egoki bitxitegia.

Bestelako ekitaldiak ere izango dira egunak dinamizatzeko. Hala, ostiralean, 17:00etan hasita, ipuin kontalari saioa izango da Erribera kalean; larunbatean, berriz, gaileta tailerra egingo da 11:00etan leku berean; trikitilariak arituko dira eguerdiko 12:00etan kalez kale, eta arratsaldez puzgarriak eta jolasak izango dira Beheko plazan, 16:30etik aurrera, eta musika saioak ere bai kalean 18:30etik aurrera herriko kaleetan zehar.

Saltoki hauetan erosketak egiten dituztenen artean 80 euroko balioa duten bost erosketa txartel zozkatuko ditu Gertuk.