Udalak argitaratu du Keretxudiko baratzeak erabiltzeko onartutakoen behin betiko zerrenda

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 18a, 10:55
Barazkiak.

Eskatzaile guztien artean zazpi izan dira baztertuak eskatutako baldintzak ez betetzeagatik, eta beste horrenbeste itxaron zerrendan gelditu dira. Baratze partzelak esleitzeko zozketa eguna ere zehaztu du udalak.

Keretxudi Baratze Parkeak lau metro koadroko 48 partzela ditu herritarrek bertan baratzea jar dezaten, eta azken esleipenetik lau urte igaro direnez, Zumaiako Udalak berriro esleitu ditu guztiak. Hala, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu du, eta partzelak esleitzeko zozketa eguna ere iragarri du: maiatzaren 28an egingo dute, asteartearekin, 10:00etan udaletxeko udalbatzar aretoan. Orduan zehaztuko dute bakoitzari zer partzela egokitu zaion.

Eskatzaile guztien artean zazpi izan dira baztertuak eskatutako baldintzak ez betetzeagatik, eta beste horrenbeste itxaron zerrendan gelditu dira, norbaitek bere partzelari uko egingo balio ere.

Udalak parkeari buruzko hainbat datu gogorarazi ditu: parkeak 48 baratze ditu eta bakoitzak gutxi gorabehera lau metro koadroko azalera du. Parkearen gainontzeko azaleraren erabilpena komunitarioa da (zerbitzuen eraikina, bideak, ureztatzeko putzuak, konposta egiteko guneak... Udalak gogorarazi du lursailaren aprobetxamendu edo erabilerak urtebeteko epea duela, eta epe hori gehienez lau urtera arte luza daitekeela.

Erabiltzaile bakoitzak 10,15 euroko tasa ordaindu beharko du hilabetero, eta 101,50 euroko bermea jarri beharko du –udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko ezartzen da fidantza, eta lagatzeko epea agortzen denean itzuliko da–.

Helburu soziala

Baratze gune horri "helburu eta izaera soziala emateko asmoz", 48 baratzeetatik %60 interes taldeentzat gordetzen ditu udalak, eta horiek ez dute ordaindu beharko baratzeagatik. Interes talde berezitzat jotzen dira ezaugarri bereziak dituzten kolektiboak, hala nola, langabetuak, DBE hartzaileak, desgaitasunen bat dutenak nahiz guraso bakarreko bizikidetza unitateak. Gainerako partzelak herritarren artean zozkatuko dira, errentaren arabera.  

Udalak azaldu du baratze parkeari esker nekazaritza jarduera sustatzeaz gain, ingurumena, ekologia, autokontsumoa eta elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko gunea dela baratze parkea. "Norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera eskaintzen du, eta kalitatezko aisialdi aktiborako topagune ere bada. Gainera, hilabetero Furgobaratzaren bisita izaten da bertan, baratzearekin lotutako formakuntza praktikoa eskaintzeko".