Natura, kulturak eta euskararen inguruan aritu dira solasean 'Euskara, bestela ez gara' zikloaren barruan

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 23a, 14:33
Ana Galarraga, Leire Barriuso eta Mikel Mendizabal atzoko ekitaldian. (Utzitakoa)

Natura, kulturak eta hizkuntza izan ziren landu zituzten gaietako batzuk Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan antolatutako solasaldian. 

Larraina euskara taldeak antolatutako Euskara, bestela ez gara zikloko hirugarren saioa izan zen atzo, asteazkenez. Alondegiko Oxford aretotik eraikineko ganbaran kokatzen den ikasgelara mugitu ziren, eta haren goxotasunean aritu ziren solasean. Natura, kulturak eta hizkuntzak: zergatik eta nola bihurtu garapen jasangarriaren helburu? zuen solasaldiak izena, eta hizlariak Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea eta Mikel Mendizabal Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO katedrako kide eta 17+1 Helburuan ekimenaren sustatzailea izan ziren; bideratzailea, berriz, Ana Galarraga zientzia dibulgatzailea eta Elhuyarreko kidea. 

Luze aritu ziren hizketan gai hauen inguruan. Barriusok, esaterako, gogoratu zuen Euskal Kostaldeko Geoparkeak hasiera-hasieratik hartu zuela helburutzat herrietako kultura eta berezko hizkuntza bultzatzea; Geoparkea bera tresna bat dela eta herrien garapen iraunkorra bultzatzea duela helburu; herritarrekin eta herritarrentzat egin nahi duela lana, ez bisitariei begira bakarrik; eta horretan oso garrantzitsuak direla euskara eta bertako kultura. 

Mendizabalek, berriz, kontatu zuen 2030 Agendan 18. helburua txertatzearena lanbide heziketako zentro batzuen gogoetatik abiatu zela. Ikusi zuten 17 helburua nagusi horietan ia ez zirela lantzen kultura eta hizkuntzak, eta ekarpen bat egin nahi izan zuten, 17+1 planteamenduarekin. Gaiaren garrantziaz ohartuta, adierazi zuen ahal duten toki guztietara eramaten ari direla proposamena, UNESCO Katedrarekin elkarlanean.

Zinema emanaldia zikloa amaitzeko

Datorren asteazkenean, hilaren 29an, izango da aurtengo zikloko laugarren eta azken ekitaldia. Kasu honetan, bi ikus-entzunezko emango dira Aita Mari zineman, 18:30etik aurrera. Batetik, Anti film laburrak ikusteko aukera izango da, eta ondoren Elbira Zipitriari buruzko Elbira dokumentala.