Etxebizitza bulegoa zabaldu du Zumaiako Udalak

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 24a, 18:00
Ezkerretik, IƱaki Ostolaza, Maider Alberdi, Maite Aramendi eta Hiritik at!-eko Izaskun Narbaiza. (Juan Luis Romatet)

Etxebizitzen arazoa larritzat jota, gaiari heltzeko borondatea erakutsi zuen udalak agintaldi hasieran. Gaur aurkeztu duten Etxebizitza bulegoa da horren erantzuna. Maite Aramendi izango da teknikaria, eta herritarrei arreta egiteaz gain, Etxebiderekin egin beharreko gestioetan laguntzea edo Zumaian dauden etxebizitza hutsak mobilizatzea izango du lana. 

2020ko bigarren hiruhileko datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zortzigarren metro koadro garestiena du Zumaiak; etxebizitzen prezioei dagokionez, hamargarren garestiena dira Zumaiakoak. Alokairuaren prezioaren bataz bestekoa, aldiz, 708,5 eurokoa da hileko. Zenbaki beldurgarriak, are gehiago etxebizitza bat erosi dutenentzeko edo independizatu nahi duenarentzako. 

Horren jakitun, eta etxebizitzarena benetako arazo bat dela ikusita, gaiari heltzeko borondatea erakutsi zuen Zumaiako Udalak agintaldi hasieran. Plan bat jarri zuen abian udalak eta ekintza horietako bat Etxebizitza bulegoa sortzea zela adierazi du Iñaki Ostolaza alkateak zerbitzu berri hori aurkezteko egindako agerraldian. Berekin izan dira Maider Alberdi Zumaiako Udaleko Berdintasun, Gazteria, Aniztasun eta Parte hartze zinegotzia, Maite Aramendi udaleko etxebizitza teknikaria, eta Hiritik at! kooperatibako kide Izaskun Narbaiza.

Agintaldiarekin batera abiatutako plangintza horren barruan alokairurako laguntzak jasotzeko oinarriak aldatu zituztela ere gogoan izan du Alberdik. "Lehen gazteek bakarrik jasotzen zituzten, eta aldaketaren ondoren 35 urtetik gorakoek ere laguntza horiek jasotzeko aukera izan zuten". Arazoa, baina, sakonagoa dela onartu du Alberdik agerraldian, eta horrek eraman zituela "modu integralean erantzutera". Horregatik jo zuten Hiritik at!-era. 

Zumaiako etxebizitzen inguruko azterketa bat egin zuen aholkularitza etxe honek 2022an. Guztira, 4.717 etxebizitzak osatzen dute Zumaiako parkeak, eta horietatik %13,90 –656 etxe– inor erroldatu gabeko etxebizitzak zirela ondorioztatu zuten. Horietatik 162 kontsideratu daitezke etxebizitza hutsak bezala. Horretarako, urtebeteko epean etxebizitza horietan izandako gas, argindar eta ur kontsumoak aztertu dituzte, eta horiei esker ondorioztatu ahal izan dute etxe horiek hutsik daudela. Izaskun Narbaizak prentsaurrekoan azaldu duenez, etxebizitza hutsen ehunekoa Euskal Herriko hiri handien parekoa da: %3,4 Zumaian, %3,35 Bilbon.

Hutsik kontsideratzen diren etxebizitza huts horiek merkatura ateratzea izango da etxebizitza teknikariaren arduretako bat. Hala, aste honetan bertan gutun bana bidali zaie etxebizitza horien jabeei etxe horiek merkatura ateratzeko eskatuz, eta alokairu sozialaren aldeko apostua egitera animatuz. 

Maite Aramendi izango da aurrerantzean Zumaiako Udaleko etxebizitza teknikaria, eta prentsaurrekoan azaldu duenez, bere lanak hiru arlo desberdin izango ditu. Batetik, "etxebizitza beharra duten pertsonei arreta pertsonalizatua eskaintzea". Horren barruan, Etxebiderekin izan beharreko gestioetan laguntzeaz, eta alokairurako egon daitezkeen laguntzen –udalekoak zein beste instituzioetakoak– berri informatzeaz arduratuko litzateke. 

Aipatu etxebizitza hutsak merkaturatzea izango litzateke bigarren ardura, eta hori egiteko Jaurlaritzak eskaintzen dituen zerbitzu desberdinen –Bizigune edo ASAP– berri ematea. Amaitzeko, herrian egingo diren babes ofizialeko etxebizitza berrien kudeaketa jarraitzea izango litzatekeela ere azaldu du Aramendik. 

Zentzu horretan, Puntanuetan babes ofizialeko etxebizitza promozio berria egiteko asmoa ere iragarri du Iñaki Ostolazak. "Adostasunak badaude eta datozen egunotan emango dugu horren berri", iragarri zuen. 

Etxebizitza bulegoa

Etxebizitzen datuak Zumaian

  • Zumaiako etxebizitza parkea: 4.177.
  • Inor erroldatu gabe dauden etxebizitzak: 656.
  • Inor erroldatu gabe + kontsumo anormalki baxua dutenak: 162.
  • Inor erroldatu gabeko etxebizitzak, okupatu gabea ezin direnak kontsideratu: 494.
  • Etxebizitza turistikoak: 44.
  • Bigarren etxebizitzak (bigarren etxebizitzagatik TAO txartela eskatu dutenak): 35.
  • Erroldatu gabekoak, baina jarduera ekonomikoagatik okupatutakoak: 415. *

* Bigarren etxebizitzaren fenomenoa kokatzen da hemen, baita enpresetako langileek alokatzen dituztenak.