Zumaiako tren geltokia eraberritzeko asmoa azaldu du Garraio Sailak

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 28a, 18:00

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ohar baten bidez iragarri duenez, 1,3 milioi euro bideratuko ditu tren geltokia eraberritzera. Geltokiaren irisgarritasuna hobetu nahi du, besteak beste, lan hauekin. 

Zumaiako tren geltokia eraberrituko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak. Ohar batean jaso duenez, estazioko irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu, baita geltoki bera eraberritu ere. Horretarako, 1,3 milioi euro bideratuko dituela gaineratu du. 

Proiektuaren helburu nagusia Zumaiako geltokiaren "irisgarritasun-baldintzak hobetzea" dela azpimarratu dute, "sareko puntu beltzen azterlanean antzeman diren gomendioak kontuan hartuta. Gomendio horiek, duela urtebete Euskal Trenbide Sareak argitaratu zuen Euskal Trenbide Sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen Liburu Zurian daude jasota". Gaineratu duenez, egingo den lanik garrantzitsuena sarbideko beheko pasabidearen ordez "edukiera bikoiztuko duen eta nasetara igogailuaren eta eskailera finkoen bitartez konektatuta egongo den beste bat jartzea izango da". Igogailu hauek zortzi pertsonako edo 630 kiloko edukiera izango dutela ere azaldu du Garraio Sailak, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo direla

Geltokiko egungo zoladura oso-osorik aldatzea ere aurreikusita dago lan hauen barruan, baita azpiko pasabidearen egungo alikatatua ordeztea ere. 

Proiektuak azpiko pasabidearen, eskaileren eta proiektatutako azpiko pasabide berriaren argiak aldatzea eta bi nasetako eskaileretan baranda bikoitza jartzea ere jasotzen du.